Jon Iñaki Odriozola Etxabe
Soziologoa

Pan-nabarrismoaren ahuleziak

Azken urteotan mugimendu ideologiko berri bat sartu da euskal eremu politikoan, hainbat sektore abertzaletan nolabaiteko onarpena lortu duena: pan-nabarrismoa. Labur esanda, mugimendu politiko honek –historiaren interpretazio oso berezia egiten duena– euskal nazioa edo Euskal Herria arlo politikoan Erdi Aroko Nafarroako Erresumaren jarraipena besterik ez dela onesten du, 1512an gaztelauek konkistatu zutena.

Zazpi euskal lurraldez mintzatzerakoan, pan-nabarristek «Nafarroa Osoa» aipatzen dute. Muturrera eramanda, ideologia pan-nabarristak suposatzen du –de facto– euskal herritar guztiok nafarrak garela, eta Lekeitio, Laudio edo Maule Tafalla, Elizondo edo Tutera bezain nafarrak direla. Mantra horren errepikapenak lortu du gure gizartearen hainbat sektore abertzaletan pan-nabarrismoa errotzea.

Mugimendu honen abiapuntua 1998an dago. Urte hartan, Tomas Urzainki abokatu nafarrak “La Navarra marítima” izeneko liburua kaleratu zuen, ideologia pan-nabarristaren oinarriak finkatzen dituena. Data horren aurretik, nabarrismoaren apologia egitea eskuin fatxa, unionista eta antieuskaldunaren kontua zen. Urzainkiren liburuak klixe horiek apurtu eta nabarrismo berri bat proposatzen du, abertzalea, Nafarroaren hegemonia politikoa Euskal Herriko beste lurraldeen gain ezartzen duena, eta Euskal Herria kontzeptu kultural gisa –soilik– ulertzen duena. Liburuak eskola egiten du eta beste nafar egile batzuk agertzen dira gaiari punta ateratzen diotenak, liburu gehiago argitaratuz.

Urzainkiren tesia, bere jarraitzaileek bereganatzen dutena, oso sinplea da, sinplista ez esatearren: Nafarroa ez da Euskal Herriko zati bat, Nafarroa da Euskal Herri osoa («Nafarroa Osoa»). Ikuspuntu zientifiko hutsetik tesi hau ahula da oso (Nafarroako Erresuma eta gure «zazpiak bat» bi gauza desberdinak dira), baina mantra asmatua izan da, eta pan-nabarristek hurrengo urteetan etengabe errepikatuko dute lau haizetara.

Historialari gehienek esaten dutenez, zortzi mendetan Nafarroako Erresumak (hasieran Iruñeko Erresuma izan zena) ez zituen muga finko eta aldaezinak eduki. Eneko Aritzaren erresuma ez da Antso Nagusiaren berbera, edo Karlos Noblearena. Ezin da inondik inora Nafarroa irudikatu denboran zehar lurralde jarraitu bat bezala, behe Erdi Arora arte jarraitutasunik eza nagusi izan baitzen. Bitxia bada ere, Nafarroa aldagaitzaren ideian bat datoz upenetarren nabarrismoa eta Urzainkiren pan-nabarrismoa.

Honenbestez, pan-nabarrismoak ez du oinarri historiko sendorik. Euskal Herria («zazpiak bat»-a) eta Erdi Aroko Nafarroako Erresuma ez dira gauza bera. Azken honen mugak aldakorrak izan dira denboran zehar, baina inoiz ez ditu batu bakarrik eta era esklusiboan Euskal Herriko zazpi lurraldeak. Nafarroako Erresuma eredutzat hartzen badugu, zer lurralde sartzen ditugu barne? Galdera ez da txantxetakoa, egia bada ere Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia bi mende inguru nafar eremuan egon zirela, gauza bera gertatu zen euskaldunak ez diren beste lurralde batzuekin: Errioxa, Aragoi, Burgos eta Soria, eta Kataluniako mendebaldeko eskualde batzuk ere. Euskal Herriko mapa aldatu beharko dugu?

Erreferentzia gisa eremu geografiko handienak lortu zituen Nafarroako Erresuma jotzen badugu (Antso Nagusia, XI. mendean) agerian geratzen da EAEaz gain erresuma hori Aragoi zein Gaztelako lurraldeetan ere hedatzen zela. Bestalde, erreferentzia hori motz geratuko litzateke, Iparraldea (Lapurdi eta Zuberoa ia hiru mendetan Ingalaterraren menpe izan ziren) eta Nafarroako Erribera (XII. mendean konkistatuta) ez zeudelako.

Horretaz gain, oso traketsa da Erdi Aroko erresumen optika gaur egungo nazionalismoarekin –alderdi kultural, linguistiko eta, batez ere, izateko gogoan oinarritzen dena– nahastea. XXI. mendean Antso Nagusiaren lurraldeak aldarrikatzea Al-Andalus orain Ebroraino iristea, edota espainiarrek Peru, Kuba eta Filipinak aldarrikatzea bezain zentzugabea da.

Pan-nabarristek trantsizio garaiaren «Nafarroa Euskadi da» hura oraingo «Euskadi Nafarroa da» honegatik ordezkatu dute. Biak txarrak. Zentzuzkoena zazpi lurralde historikoek Euskal Herria izeneko nazioa osatzen dutela onartzea da, egun bi estatuen artean banatuta dagoena.

XXI. mendean nafar estatu batekin amets egitea, Erdi Aroko Nafarroa hura eredutzat hartuz, anakronikoa izateaz gain burugabekeria politikoa da, aipatua izan baita Nafarroako Erresuma eta Euskal Herria gauza desberdinak direla. Euskal Estatua, independentistok nahi dugun Euskal Errepublika, ez da oinarritu behar Erdi Aroko erresuma batean, non erregeek eta jauntxoek beren lurraldeak kromoen antzera elkartrukatzen zituzten. Aitzitik, euskal nazioaren alderdi kultural eta linguistikoak, eta bere zazpi lurraldeetako biztanleen borondate demokratikoa aintzat hartzen dituen proiektu batean oinarritu behar da. Labur esanda, etorkizuneko proiektu bat, XI. mendeari begira ez dagoena, XXI. mendeari baizik.

Bilatu