Miren Antzine Biain Fernandez de la Reguera

Pentsatu gabe

Pentsatu gabe egiten ditut nik gauzak. Denak ez, baina bai gehienak, garrantzitsuenak bai behintzat.

Lehenengo egin, eta gero pentsatu... Sentsazio ederra da, errusiar mendi batean sartuta zaudela ematen du, eta nik maite ditut horrelako sentsazioak. Egia esan nire bizitza ere errusiar mendi baten modukoa da.

Horrelaxe, errusiar mendian sartuta, etorri nintzen Maizpidera, banekien oso ondo egor behar nuela, baina ez nekien noraino iritsiko zen nire alaitasuna.

Nor-Nork erabiltzen alde batetik, eta baldintzat beste aldetik, ia-ia zoratuta bukatzen dugu egun batzuetan, baina elkarrekin goaz eta elkarrekin egiten dugu bidea, eta hori oso polita da.

Irakasle onak tokatu zaizkugu, gainera, a ze zortea izan dugun! Patzientzia, ilusioa eta maitasuna jartzen dituzte klase guztietan, bai euskara bai bere lana maite dituztelako, eta hori, bai noski, nabaritu egiten da.

Euskaraz ikastera etorri gara hona, baina ez horretara bakarrik, baita bizitza euskaraz kompartitzera ere, eta nire ustez, bi helburu horiek lortu ditugu.

Gauza gehiago ere ikasi ditugu, hala nola, euskaraz ikastea eta umore ona edukitzea posibla dela, euskara hizkuntza logikoa dela, ahulaldiak (pajarak) txirrindulaiek ez ezik bestelako jendeak ere izaten dituela, eta energia ona sortzea jende desberdinaren artean posible dela.

Idazlan honen bidez hau zuekin kompartitu nahi dut. Plazer handia eta ederra izan da zuekin hainbeste gauza ikastea eta hainbeste barre egitea.

Bihar nire errusiar mendian sartuta etxera bueltatuko naiz eta zuek nirekin etorriko zarete, beno, zuen zatitxo bat bai behintzat, bagoi bat gehitu diotelako nire errusiar mendiari. Bagoi horrek ‘Petrala’ du izena eta nire beste bagoien artean ibiliko da beti.

 

Bilatu