Iban Maia, Maialen Etxeberria eta Juantxo Goien
Sortu, Ernai eta LAB-eko kideak

Sanferminak eta askoz gehiago

Jada urtea joan zaigu azken sanferminen balantzea egin genuenetik eta hari haren jarraipena izanen da, gaurko gogoetaren abiapuntua. Hartan, 2014ko Sanferminen ondorenak utzitako egoera Shakespearen esaldi batez ezaugarritu genuen: “Nafarroak egunen batean mundua harrituko du”.

Halaxe zioen pentsalari Ingelesak eta, azken hilabete hauetan gure herrialde zaharrean izandako gorabeherek, esaldi haren zentzua hobeki ulertzen lagundu digute. Izan ere, Erregimenak hamarkadaz-hamarkada Nafar jendartea eta lurraldea gatibu edukitzeko erabilitako estrategia eta jukutriek ez dute beren helburua bete. Zentzu horretan, mundua harritzeko moduko gertakarien adierazpen asko jasan eta bizitzea egokitu zaio gure herriari; alabaina, atzapar ilun horietatik jariotako odol tanten emari artean kimu berriak joan dira hazten herrialdean. Hots, nahi bada, bide bazter haietan utzitako askatasun eta justizia gogo haiek bailarak eta herriak argiztatzen hasiak direla esan dezakegu. Horixe etorri zitzaigun burura Sartagudako alkatea izendatu eta berehala duintasun hormara hurbildu zenekoa ikusi genuenean, edota Conde Rodezno eta Monumento de los caidos bezala bataiatutako kale eta eraikinen hirian EHBilduren alkateari harrera egiten milaka eta milaka lagun ikusi genituenean.

Izanik ere, aldaketaren aroari parez-pare ireki dizkio ateak Nafar jendarteak. Hori da, hain zuzen ere, gaur egun Iruñean arnasten duguna; aldaketa gauzatzeko herri gogoa: urteak, hamarkadak edota mendeetan zehar, Iruindar belaunaldi askok amestutako momentuaren aurrean gaudela, alegia. Alta, ez gara M24an emaniko aldaketaz ari soilik, ez eta Instituzioetan gauzatzen ari diren aldaketez; azken urte luze hauetan sozialki eta politikoki irabazten ari garen aldaketen garrantzia da nabarmendu nahi duguna. Beraz, bestelako eredu baten aldeko dinamika politiko-soziala eta instituzionala garatzeko baldintza ezin hobeak lortu ditugu oraingoan; bata bestearekin behar bezala uztartzen asmatzea, orain xedea.

Zentzu horretan, herri gogo horren lehen adierazle nagusi bezala Iruñeko Udal Gobernu berriaren osaketa. Hartara, azpimarratzekoa, pentsaera eta kultura politiko desberdinen artean elkar hartu eta ulertzeko eginiko lana eta eramandako filosofia. Zentzu horretan, besteak-beste, indar politiko guztiak (UPN-PSN barne) barnebilduko dituen Gobernu batzordea osatzea izan zen aldaketaren adierazle garbienetakoa. Hortaz, bazterketarik gabe eta Iruindar guztiei lekua egin eta gehiengoaren zerbitzura eginen den politika ereduak, hitza beteaz eta ausardiaz hasi du legealdia.

Hori dela eta, norabide horretan harturiko iniziatiba guztiek ezerezean utzi zituzten Erregimenak egin zituen presio eta desitxuratze saiakera guztiak. Hori horrela, Iruñeko jendarteak emaitzari bere harrera eta esker ona eskaini zion pasa den ekainaren 13an, aldaketaren udal gobernua eta alkatea txaloz, musikaz eta malkoz hartu zituenean. Horrez gain, UPN-k egun hartan bertan eginiko saiakera probokatzaileei bizkar eman eta jai giroan aldaketaz gozatzen jarraitzeko delibero eredugarria egin zuen udal plazan bildutako jendetzak; irakaspen honek balio beza Sanferminetako ere!

 Hortaz, irakaspen argia egunotakoa: alderdi interesak alboratu, Iruindarren gehiengoak emaniko mandatua bete eta sakoneko aldaketak eragotzi nahi dituztenen probokazioei jaramonik egin gabe guztiok elkar harturik aldaketa indartzen jarraitu. Hori bada, abagunea eta erronka: Iruñeko jendartearen beharrak asebetetzea helburu izanen duen mugimendu herritar anitza gorpuzten joatea; kalean zein instituzioan.

Horiek, beraz, azken egun hauetako egoeraren gako nagusiak eta testuinguru horretan ospatuko ditugu Sanferminak.  Hartan, bazterketarik gabeko eta Iruindar guztiak aintzat hartuko dituen eredua izanik aro berriaren ipar orratz, zentzu berdinean ulertu behar ditugu Sanferminak ere. Alegia, Iruindar guztien parte-hartzea bultzatu nahi badugu, eta bazterketarik, desberdintasunik eta pribilegiorik gabeko eredua bada helburu, horren zantzuak izan behar dute isla Sanferminetan.

 Hortaz, honetan ere eredugarri eta ausart izan behar dugu aldaketaren aldekook; egoera politikoaren aldagai nagusiak irauli egin ditugu. Hartan, ofentsiban eta iniziatibaz doan indar eraldatzaileak hegemonia lortzeko pauso sakonak ematea beharko luke helburu. Eta horretarako baldintza sendoen gainean eman behar ditugu pausoak iruindar ahalik eta gehienarekin. Beraz, Sanfermin hauetan aldaketaren gobernua buru izanen den Udalari baldintza horiek eraikitzen eta bidea egiten lagundu behar diogu; kalea zein instituzioa elkar hartuta, Iruñea berri hori eraikitzeko aukerak ematen duen pozez kutsatuz bazter guztiak: txupinazotik hasi, Kuria kaletik pasa eta ekimen guztietaraino. Ardura politikoz, edozein liskar edo probokazioren gainetik; guk dugu iniziatiba eta handira jokatzeko momentuaren aurrean gaude.

Izan ere, egonen baita Sanfermin hauetarako bestelako helbururik izanen duenik. Hartara, dagoeneko iragarri dute, aldaketaren aldekook eta bere Gobernua ez dela gai izanen egoera berria kudeatzeko eta irmotasunez jokatuko dutela horrela izan dadin. Erran dezakegu beraz, batzuentzako bikaina litzakeela Sanfermin liskartsu eta ezegonkor batzuekin legealdia abiatzea.

Horrelako erronka parez-pare dugunean, ezin gogoeta bukatu halako momentura iristeko hainbeste lan eta borroka egin dutenak aintzat hartu gabe. Hortaz, ez dugu inor bazter utzi nahi, jakin badakigulako milaka eta milaka pertsona izan direla auzolan erraldoi horretan parte hartu dutenak: bejondeizuela guztioi!!! Bestalde, umiltasun guztiarekin baina aldi berean harrotasunez Ezker Abertzalearen kidego guztiak eginiko lana azpimarratu nahi genuke; harro gaude egindakoaz eta gogoz gaude etorkizun berriaren eraikuntzan gure ekarpena egiteko: lotu lanari bada!

Bukatzeko, zirrara eta emozio bereziz oroitzen ditugulako, gure artean ez daudenak gogora ekarri nahi genituzke. Izan ere, egon baitira lana gogoz egin eta bidean gelditu direnak; betirako argia, lagunak! Eta egon, badago, milaka eta milaka kilometrotara momentu hau ilusioz eta itxaropenez bizi duenik ere: bihotza estu hartuta eta taupada bizian egonen da datozen egunetan; ukabila itxiarekin batera kantuan Sanferminei hasiera ematen diogunean. Maitasuna distantzia eta oztopo guztien gainetik baitago.

Beraz, ospa dezagun ospatu beharrekoak guztiok elkar hartuta eta irabaz dezala Iruñea osoak! Irabazteko, izan, asko baitugu.

Bilatu