Mikel Zubimendi
GAUR8

Talentu asko eta oportunismo pixka bat

Berrogei urte eta gero, agortuta, lur jota, ustelduta, bere zutabe guztiak pipiak janda –instituzioak, PP-PSOE duopolioa, sistema ekonomikoa, lurralde eredua eta txiripaz (oraingoz) Koroa salbatuta–, 78ko trantsizioa hil dela aldarrikatu da lau haizetara.

Rajoyk dio Konstituzioaren erreformak ez duela beldurtzen, PSOEk «hausturarik gabe» aldatu nahi duela eta, oso bestelakoa den posizio erradikal batetik, Podemos-Ahal Duguk «78ko giltzarrapoa» prozesu konstituziogile batekin ireki behar dela. Okerrik ezean, badirudi ba, meloi hori zabaltzear dela eta, berriz ere, iraganeko eztabaida (erreforma vs haustura) menuan zerbitzatuta datorkigula.

Kontu honi oratzerakoan askotariko ñabardurak ikusi ditut: bigarren trantsizioa baino lehen haustura demokratikoa defendatu behar dela diote batzuek, beste batzuek orain dela unea erreforma frankista ez egonkortzeko Euskal Herrian egin den borroka politikoa (eta militarra) balorean jartzeko, egoera berri honetan izan duen eragina aitortzeko... Tira, iragana goratzea baino kezka handiagoak izan badaudela uste dut. Entzun ditut, bestalde, «autogobernu gehiago eta Estatuan enkaje hobea» eskuratzeko txanpa dela uste eta horrekin konformatzen diren aberkideak. Besteek diote «aldaketa konstituzional mugatua» behar dela bere buruaren jabe izan nahi duten nazioen «arazoa» desaktibatzeko, ustelkeria guztiaren aurrean berriro hutsetik hasteko, errelato berri bat eraikitzeko. Oraingoan bai, oraingoan ilusionatuko duena, kontadorea zeron jarri, sistema erreseteatu eta Espainia konponduko duena. Iritziak libre.

Ideia, uste eta marko asko daude krisian, kolokan, lur sendorik gabe. Ezker abertzalean, Euskal Herrian, Espainian eta munduan. Krisia metastasikoa dela eta aldaketa badatorrela esatea pellokeria dirudien honetan, komeni da, baina, oinarrizkoak diren kontu batzuk gogoratzea. Aurrena, aurrerapausoak emateko aukera diren bezala, atzera egiteko eta egoerak okertzeko ere balio dutela aldaketek. Aukerak eta mehatxuak daudela, aldaketa nondik eta nora bideratzen den arabera. Lehen trantsizioa ETAk markatu zuen, eta, orain, ETAren borroka armatua bukatuta, bigarrena omen dator. Herri bezala, oraingoan, abagune hobea dugula uste dut, positiboagoak direla testuingurua eta baldintzak; jokorako aukera, zabalagoa. Baina, jakina, geroa ez dago idatzita, eta, Euskal Herria noraino ekarri dugun badakigun bezala, noraino eramango dugun ikuskizun dago. Gure esku dago. Zenbateraino garen azkarrak, gure talentua, aska daitezkeen indarrak, bagaren edo ez garen, horra gakoak.

Arazoak ere ezin ezkutatuzkoak ditugu. Denetan mingarriena, aurreko zikloak utzitako konpondu gabeko ondorioen auzia. Ehunka anaia-arreba preso ditugu eta horixe du Estatuak bestelako dinamika batzuk oztopatzeko, edo geldotzeko, arma nagusi. Argudio eta eskaintza demokratikorik ezean, Europan auzi nazionalak indar militarraren bitartez «konpontzeko» baldintzarik ezean, presoak dauzkate arma. Erabakitze eskubidearen aldeko herri prozesuari erreskatea ordainarazi nahiko diote, presoen kaleratzea ahalik eta gehien oztopatzean orduan eta gehiago mantsotuko dela iritziz. Batzuek stand-by egoera hau aprobetxa dezaketela autonomia estatutuaren bis bat egiteko? Arrisku hori bada, bai.

Baina, arriskuak eta aukerak, bietan jarrai, besterik ez dago. Inportanteena Euskal Herrian abiapuntu berri bat, adostasun eta akordio politiko berri bat lantzea eta jendeak bere egiten asmatzea izango da. Lehen trantsizioan kanpo geratu zirenak bildu eta konpaktazio berri horren eskutik euskal sistema politikoaren desplazamendu tektonikoa eragingo duena. Ez eliteen artean, ezta espresuki eratutako akademikoen batzorde batean ere. Ez. Dinamika herritarraz hornitu behar da prozesua. Hori eta oportunismo poxi bat ere beharko da. Alegia, Espainian dagoen usteltzea aprobetxatu independentziarako borondate berriak biltzeko, marko berria ongarritzeko.

Eta zer gertatuko den? Batek daki! Agian... Agian...

Bilatu