Txistu alardea

Iritzi hauek guztiak entzun eta gero, nik uste dut jarraitu beharko genukeela eztabaidatzen, ea komeni den alarde monografiko hutsa egitea ala ez, ea antzerkirik egin behar den ala ez (erantzuna baiezkoa izatekotan, zer iraupen eduki beharko luke?) eta, azkenik, ea aurkezlerearen figura erabat kentzea komeni den ala ez.

2017/07/18

Aurtengo Iruñeko Txistu Alardea uztailaren 9an egin zen, eta horren inguruan zenbait iritzi eman nahi nuke. Urte honetan ere, azken 5-6 urteetan bezalaxe, kontzertuaren egitura edota mamia, gai nagusi baten inguruan ibili da, bere antzezleekin eta aurkezlerik gabe. Horretarako, pieza berri batzuk sortu dituzte, eta, lehenagoko beste pieza batzuei armonizazio berriak egin dizkiete.

Alde batera utzita San Jose plaza lekurik egokiena ote den mota horretako kontzertuak egiteko, ikusteko eta entzuteko daukan egoeragatik, neronek esan behar dut, azken urteotan guztiotan mota askotako iritzi kontrajarriak entzun ditudala alarde horien gainean: pertsona batzuk oso pozik atera izan dira kontzertuetatik, beste batzuk, ordea, ez horrenbeste; beste batzuek diote gustatu zaizkiela, baina sanferminetako jai giroko doinuak sumatu dituztela faltan; batzuek pentsatzen dute serioegiak izan direla; beste batzuek, aldiz, motelegiak: kalitate handikoak bai, baina doinurik egokienak ez zituztenak jai hauetarako. Batzuek irizten diete aspargarriak direla; beste batzuek, berriz, antzerkia guziz soberan dagoela. Pertsona batzuek dantzariak, aurkezlea eta abesti ezagunak faltan izan dituzte; eta, azkenik, euskaltzale askok –horien artean euskaltzain oso bat dagoela– esan didate euskara gutxiegi eta erdara gehiegi entzun dutela.

Iritzi hauek guztiak entzun eta gero, nik uste dut jarraitu beharko genukeela eztabaidatzen, ea komeni den alarde monografiko hutsa egitea ala ez, ea antzerkirik egin behar den ala ez (erantzuna baiezkoa izatekotan, zer iraupen eduki beharko luke?) eta, azkenik, ea aurkezlerearen figura erabat kentzea komeni den ala ez.

Azkeneko 5-6 urte hauetan guztietan asko pentsatu eta hausnartu dut gai honen inguruan, eta hona hemen nire gogoeta eta proposamen batzuk:

Pentsatzen dut, azken urte hauetan joan garela mutur batetik bestera. Alde batetik, iruditzen zait alarde monografiko horiek ekarpen politak egin dituztela txistu errepertoriorako, obra berriak eta armonizazio ezberdin horiek direla-eta. Baina, aldi berean ere, uste dut oso komenigarria zaigula gure «bezero»en ahotsa eta iritziak erabat gogoan hartzea; entzulerik gabe alardeak ez baitu zentzurik. Hona hemen nire proposamena: alardeak bi zati izan litzake; mistoa izan liteke. Lehenengo zatian sar litezke, konparaziora, obra berriak eta berritzaileak, eta bigarrenean, ordea, sanferminetarako egokiak diren doinu, abesti, dantzak eta abar. Bi zati horiek iraupen berdinekoak izan litezke edo ez, hau da, erdia eta erdia, edo hiru laurden eta laurden bat, edota bi heren eta heren bat, edo nahi den bezala; hori patxadaz aztertu eta estudiatu egin beharko litzateke, eta, gero ondorioak atera eta erabaki.

Hala eta guztiz ere, neronek behinik behin gauza bat oso argi eta garbi daukat, alegia, euskara askoz ere gehiago erabili beharko litzatekeela alardeetan; zergatik? Ba, hasteko, txistu kontzertu nagusi hori, euskal kulturako ekitaldi garrantzitsu bat delako; askotan iruditzen zaidalako guk geronek jartzen diogula zentsura geronen buruari; ikusleen erdiak seguru asko euskaldunak direlako; beste laurden batek segur aski ulertzen duelako; eta gelditzen zaigun azken laurdena ere seguruena euskaltzalea delako; euskararekin tolerantea eta jasankorra izan behar delako; Donostian, esate baterako, dena euskaraz eginda ere mundua ez delako hondoratzen; erdaldunek ere eskubidea dutelako euskaraz entzuteko (ezagutzen ez dena ezin baita maitatu); erdaldunek sentitu behar dutelako euskaraz ez jakinda zerbait garrantzitsu galtzen dutela; euskararen aldeko ekintza positiboak egin behar direlako (ez dago beste aterabiderik); eta, bukatzeko, Iruñea Nafarroako Erresumako hiriburua izan zelako.

Pentsamendu hauek zerbaitetarako balioko balute, poztuko nintzateke.

Egon bizkor!

Artikuluak
Tasio Erkizia
2017/07/26
Francisco Louça
2017/07/26
Francisco Letamendia
2017/07/25
Judit Garcia
2017/07/25
Gutunak
Urtzi Armendariz | Otxandioko alkatea
2017/07/26
Asier Fernández de Truchuelo
2017/07/26
Francisco J. Ventura San Juan | Partido Carlista de Euskal Herria- EKA
2017/07/26
Karmele Antxustegi Urkiaga | Eginaren Eginez-en presidentea
2017/07/25