Agus Rodriguez eta Joseba Alvarez, kondenatuak

Abuztuaren 8rako “Manifestazioa” aurrera doa

Donostiako “Libre Dinamika” bultzatzen dugunok, kezka handiz jaso dugu Donostian datorren abuztuaren 8an, Aste Nagusiaren atarian, antolatu dugun Herrikoen itxieraren aurkako eta politika zein kulturaren aldeko aldeko maniFESTAzioa debekatzea eskatuz Terrorismoaren Biktimen Aldeko Elkarteak tartekatutako errekurtsoaren berria, izan ere, aipatu mobilizazioak ez baitu zer ikusirik elkarte horrekin, ez bere helburuekin ere.

Gauza jakina da, Euskal Herrian gehiengo politiko, sindikal eta sozial oso zabal batek 35/02 Sumarioaren epaiaren aurkako iritzia publikoki eman duela, une hauetan 150 familia langabean utziko dituen 107 Herriko Tabernen itxieraren aurka azalduz.

Hori dela eta, Donostiako “Libre Dinamika” bultzatzen dugun auziperatu, kondenatu eta herritarrok deia luzatu nahi diegu eragile sozial, sindikal eta politiko guztiei, adierazpen askatasunaren bortxaketa suposa dezakeen mobilizazio honen debekuaren aurkako bere iritzia publiko egin dezaten eta, bide batez, bertan azaltzeko konpromiso irmoa har dezaten.

Mobilizazio honen oinarria dagoen “Eskubide zibil eta politikoen aldeko Donostiarron adierazpena” agiriak azpimarratzen duenez, euskal herritarrok urte luzez gatazka eta sufrimendua bizi izan ditugun arren, “azken urteotan emandako urratsek eta sortutako testuinguru berriak, justizian eta bakean
 oinarritutako etorkizun baterako aukera zabaltzen dute”.
Eta,beraz, “etorkizuna eraikitzen jarraitzeko, ezinbestekoa izango da denok erantzukizunez jokatzen jarraitzea”. Bai guk, baina baita besteek ere.

Borondate horretan oinarrituz, gure ustez, lekuz kanpo egon beharko lukete konponbidea oztopatu baino egiten ez dituzten trabak eta maniFESTAzio hau debekatzea, horietako bat da zalantzarik gabe. Gure ustez, eraiki beharreko eszenatoki berrian eskubide zibil eta politiko guztiak bermatu behar dira eta, beraz, baita adierazpen askatasunarena ere.

Gauzak horrela, eta epaileak emango duen azken erabakia zein den jakin bitartean, maniFESTAzio horri eusten diogula jakinarazi nahi dugu.

Bilatu