Amaren urteurrena
Xanti Begiristain Madotz
2017/03/15

Urtebete da dagoeneko joan zinenetik, martxoaren 13 honetan, baina hala ere, oraindik atsegin handiz gogoratzen zaitut (zaitugu):

    Mikak beren habiak egiteko hegan pasatzen zirenean, mokoan adartxo bat zeramatela:

    –Begira, begira! Mika hori orain ere bazoak habia egitera! –esaten zenidan.

    Eta beste horrenbeste, aurreko etxeko, laugarren solairuko balkoiko txaturra ikusten genuenean:

    –Gaur ere hor zegok, ba, txakur txiki zorritsu hori! –aipatzen zenuen.

    Berdin, Aimar Olaizolaren pilota partiduak ikusten genituenean ere:

    –Begira, begira, Aimarrek nola altxatzen duen sudurra, tantoa galtzen duenean! Astakiloa ematen dik -botatzen zenidan, barrez-. Irabazi, irabazi ezak, Aimar! –jarraitzen zenuen.

    Edota, Oinatz Bengoetxea frontoian jokatzen ikustean:

    –Hara, hor ari duk berriz ere abarkadun txikia! -komentatzen zenidan.

    Halaber, Juan Miguel Etxarri Mitxaus ordenagailuan kantatzen entzuten genuenean:

    -A zer ahots ozena/orroa daukan Juan Miguelek, e! Berak bakarrik eliza osoa betetzen dik -zehazten zenidan.

    Era berean, Euskal Telebistako eguraldiaren informazioa ematen zutenean:

    -Ondoréngo! –jartzen zenuen azentua. Eta geroxeago–, zer esan nahi du ondoréngok? -galdetzen zenigun sarritan, batere maltzurkeriarik gabe.

    Gauza bera, ETB1eko eguraldiko iragarkian agertzen zen neska artzaina ikustean:

    –Horratx! Hor zegok berriro ere neskatxa artzaina! –xuxurlatzen zenuen.

    Eta Eguberriak baino askoz ere lehenago, aurreko etxe bateko, goiko balkoi batean, Bizarzuri ikusten dudanean, behin eta berriz galdetzen zenidana, etortzen zait burura:

    –Zer arraiotarako jarriko ote dute hain goiz txotxongilo hori hor? Demonio ergelak!

    Orobat, gure etxe ondoko hanburgertegian, mahaiak eta aulkiak espaloian jarrita ikustean, esan ohi zenuena gogoratzen dut sarritan:

    –Zertarako aterako ote dute aulkiteria hori, eguraldi kaxkar honekin? Jendea zoratuta zegok!

    Pagazin, hau da, Aurizko etxean nagoenean, eta behin ere ezagutu ez zenuena, honako hauxe esaten zenidalako, nahigabez:

    –Ai, motel! Sentitzen diat, baina ez diat haraino joateko gogorik! Hobeki nagok hemen, lasai-lasai!

    Eta, Iturramako etxetik atera behar dudanean ere, behin baino gehiagotan etortzen zait gogora, nola, atsekabez, esaten zenidan:

    –Ai, seme! Berriz ere bakar-bakarrik utzi behar al nauk!

    Berebat, aurreko etxeko bigarren solairuan, ustez hutsik gelditu zen etxebizitza bat ikustean, oso maiz, honako hauxe galdetzen zenuen:

    –Noiz arraio alokatu behar dute, ba, etxe hori?

    Ni etxera itzultzean, hauxe esaten zenidan behin baino gehiagotan:

    –Hemen hago, hemen, Xantiko?

    Elurra oso gustukoa zenuen, eta egiten ikusten zenuenean:

    –Egin, egin dezala lasai! Nahiago nuke metro bat botako balu! –Eta atertzen zuenean–: hau pena! Zer gutxi jarri duen!

    Ezinezkoa da, hemen idaztea burura etortzen zaizkigun oroitzapen guztiak, beraz, lekukotasun txiki honek balio dezala, ikus dezazun beti zaitugula gogoan. Musu handi bat.

Artikuluak
Joseba Garmendia
2017/07/23
Arantza Gutierrez Paz
2017/07/23
Iñaki Egaña
2017/07/22
Gutunak
Urtzi Ugalde | Remi Gogoan ekimenaren izenean
2017/07/21
Mauricio Rodriguez-Gastaminza Suarez | Historiador
2017/07/21
Pedro Mari Usandizaga Añorga
2017/07/21
Patxi Nicolau | Miembro de la Comisión Nacional de ESK
2017/07/20
Azken post-ak
Josean Bueno
2017/07/21
Martin Garitano
2017/07/20