Andoni Gorostiaga Lezama

Areta bonbardatu zutenekoa

Orain dela 80 urte gaur bezalako eguna, 1937ko ekainaren 20a, tropa frankistek Laudio Ibarra, Arrankudiaga eta abar okupatu eta geroko lehena izan zen, bataloi gudari eta errepublikarren defentsa-lerroak apurtu ostean. Aretako ume batzuk aurreko egunetan aurkitutako granada baten inguruan zebiltzan honek eztanda egin zuenean, familia bereko hiru neba-arreba (Encarnación, Josefina, Lucio) eta lagun bat (Pedro Viana Lekanda) hil eginez. Laugarren neba-arreba, larriki zaurituta ere, bizirik atera zen.

Aretako Jai Batzordean hau bezalako gertaerak oso ezezagunak direla ohartu gara, hain gazteak ez diren bizilagunen artean ere bai. Jakina da munduan frankisten aldeko hegazkin alemaniarrek Gernika suntsitu zutela eta urteen poderioz bonben izuaren Euskal Herriko mapa osatuz joan izan gara: Durango, Otxandio... eta geure ingurumarietara helduta azken urteotan testigantzak biltzeari ekin zaio (Arrankudiaga, Ugao, Artziniega…).

Alemaniarrek Areta ere bonbardatu zuten. Bere «esperimentu» sadikoen artean gure herria jazoera aipagarri batzuen kokaleku izan zen, adibidez tren baten bonbardaketa, 1937ko maiatzaren 22an. Hurrengo egunetan bonbardaketak errepikatu ziren; egon zen hildako eta zauriturik, eraikinak (etxeak, zubia, eliza) suntsituta… Hori guztia bizi izan zutenek oso gogoan dute sentitu zuten izua, aterpeetara jotzen zutenean edo ahal zuten moduan babesa aurkitzen saiatzen zirenean.

Hori dela eta ohar honekin jakinarazi nahi dizuegu Batzordeak aurtengo Aretako Jai-hasierako pregoia (uztailaren 21ean izango dena) gertaera hauen oroimenari eskaini nahi diogula. Une lazgarri hauek bizi izan zituztenekin kontaktatzen ari gara, pregoi honetara konbidatu eta bizi izan zutena biltzeko asmotan.

Espero dugu jai hasierako egun horretan sufrikario hori pairatu zuten adineko aretar batzuk Kultur Etxeko balkoian egotea, besteak beste Estanislao Martín Carrión, lau neba-arreben artean bizirik atera zen hura.

Bilatu