Rebeka Ubera I EH Bilduren legebiltzarkidea

Ebola

Ebolaren ondorioez kezkatuta, orain piztu da alarma gorria Euskal Herrian eta iparraldeko hemisferioan. Ukiezinak baikina jokatu dugu orain arte, kapitalismoaren ikuspegitik herri oparoetan bizi ginenaren ustearen ondotik. Ahantzi zitzaigun, kilometro batzuk beherago dauden herrialdeetako osasun arazoak gurera ere heldu daitezkeela . Ebola Espainiaren arazoa denean bakarrik pentsatu dugu euskaldunon arazoa ere badela. Eta oker gabiltza. Ebola gure arazoa da, hegoaldeko herrialdeetan arazo denetik.

Gaur ez bada, erabaki potoloenak hartzen dituzten agintariak bihar konturatuko dira irtenbidea ez dela, gure mugetan horma erraldoiak eraikitzea. Horrelako zerbait egiten da pertsonen joan etorriarekin, alegia, horma erraldoiak eraikitzen dira. Eta oker dabiltza. Arazoa konpontzeko jatorrira joan behar gara. Ez bakarrik gure arazo ere ez bihurtzeko; jatorrian zerbait egitea beharrezkoa da, herrialdeen arteko elkartasun ikuspegitik ere.

Jakina, orain gure herritarren osasuna zaindu behar dugu ezinbestean, osasun profesionalei prestakuntza eta bitartekoak emanez, eta beraien segurtasuna bermatuz. Baina hurrengorako badugu zer ikasi, eta ez bakarrik ebolari dagokionez. Makina bat izurrite ditugu ebola bezain arriskutsuak direnak: bestelako osasun izurriteak, pobrezia, hegoaldeko herrialdeetan sortzen laguntzen ditugun gatazkak, indarkeria matxistak eragiten dituenak, lan istripuak Horiek guztiak jatorrian borrokatu behar dira, ez irizpide ekonomikoen baitan, ez gertatzen direnean edo gure muga ondoan ditugunean.

Ea oraingoan ebolak ipar hemisferioko herrialde sasi oparoak bisitatu izanak hausnarketa sakonagoa egitea eragiten digun. Ea, behinik behin, ondorio positiboren bat uzten digun, munduko herritar zein herrialde guztiotan,hegoaldekoa zein iparraldekoa izan.

Bilatu