Txomin Bornaetxea Estea

Ez han, eta ez hemen

Duela berrogei urte, edo ez dakit zenbat (77 urte zehatzak izateko), espainiako eskuin faxistak gerra zibila «irabazi» zuenetik zenbait gauza aldatu direla ezin dugu ukatu. Garai hartan 29 urterekin lan merkatuan zeharo murgilduta egongo nintzateke, alkandora garbia, bibotea aurpegian eta pare bat seme alaba bizkar gainean seguru asko. Guzti hori gerrarik izan ez balitz noski.

Gaur egun ordea, nire beste lagun asko bezala 1000 eurora iristen ez den soldata bati eskerrak eman, eta ikerketa zientifikoaren munduan narabil horretarako selekzionatuta izateko zortea izan nuenetik 2014ean.

Momentu honetan Perugiatik idazten dut, Italiako erdialdetik. Doktoretza internazionala helburu, atzerrian hiru hilabeteko gutxieneko egonaldi bat egin beharra baitago. Nire kasuan, borondatez, edo gustura behintzat, etorri naiz, baina ni bezalaxe momentu honetan atzerrian dauden hainbat eta hainbat euskal gaztek beraien herriaren gobernua aukeratzeko hauteskundetan parte hartzeko intentzioa baldin badaukate, hainbat zailtasun aurkituko dituzte.

Atzerrian zaudelarik bozkatu ahal izateko prozedura ez baita erraza, ezta erosoa ere. Atzerrian aldi baterako bizi garen egoiliarrok, hauteskundeak egiteko deia argitaratzen denetik hogeita bost egun ditugu bozka eskaera egiteko dagokigun kontsuletxeko bulegoetan edo enbaxadako kontsuletxeko ataletan horretarako inprimakia aurkeztuz. Nahiz eta azken momentuan epea irailaren 5erarte luzatu, horrek esan nahi du, nire kasuan data horiek baino lehen Erromara bidaiatu beharko nukeela, paper hori pertsonalki entregatzera. Behin hori eginda, adierazitako helbidean jasoko nuke bozkatu ahal izateko dokumentazioa aukera politiko guztien bozka paperekin batera. Azkenik Italiako postetxe ofizialaren bitartez, posta ziurtatuz nire aukera politikoa bidali beharko nuke, frankeo kostuak nire kargu hartuta. Nahi izanez gero, postetxeko operadoreak zenbatekoa itzultzeko aukera izango nuke, baldin eta horretarako taloi-orria bete eta bidaltzen badut.

Zoritxarrez, prozedura honek ez du nire kasua kontutan hartzen. Iraiaren 5ean Perugiara iritsi eta, Euskal Herrian posta bidez bozkatzeko goizegi, eta atzerritik bozkatzeko beranduegi  delakoan aurkitu baitut neure burua. Ez han eta ez hemen alegia.

Beraz, partidu politiko batek behitzat, igande honetan gazte bozka bat gutxiago jasoko du administrazio eta burokraziak ezarritako traben ondorioz. Eta bitartean, besteren batek gure aiton amonak eskutik eramango ditu hauteslekuetara duela berrogeita ez dakit zenbat urteko partiduarekin zer ikusik ez duen norbaiti bozkatzeko.

Bilatu