Xanti Begiristain Madotz I Auritz

Gauzak gaizki egitea

Orain dela egun batzuk, Mariano Rajoy jauna Gasteizen izan zen lasai-lasai inauguratzen zentro bat, ETA erakunde armatuak sortutako biktimen oroitzapena gordetzeko, eta aldi berean, omentzeko.

    Hori guztia, nik uste dut oso ongi egon litekeela, baldin eta biktima guztiak gogoan hartu izan balituzte, baina ez, batzuk bai, alde batekoak aintzakotzat hartu dituzte PPkoek, baina gainerakoak ez, hemen biktima eta sufrimendu gehiagorik izan ez balitz bezala. Ez naiz hasiko esaten zein aldetan dagoen biktima gehiago. Badakigu horrek oso garrantzi handia duela, baina biktima bakarra izanda ere, garrantzitsua da berez, eta bere aitortza, zuzentasun, egia eta ordain guzti-guztia merezi du gainerako guztiek bezalaxe. Horixe dagoeneko edozein pertsona arruntak daki, eta baita Rajoy jaunak ere, baina, hala eta guztiz, berak eta bere kideek inola ere ez dute hori onartu nahi, eta askoz gutxiago, jakina, praktikara eraman.

    Hori dela eta, aurreko egunean, Gasteizen, eman zuten ikuskizuna negargarria izan zen, ikuspuntu horretatik begiratuta. Beste gauza azpimarragarri bat ere gertatu zen, bada, egun haietan, alegia, bezperan, Joseba Egibarrek egin zituen adierazpen batzuk non kritikatzen baitzuen Rajoyren jarrera, Euskal Herriko baketze bidean aurrerapausorik ez emateagatik, are gehiago oraindik, bide horri oztopoak jartzeagatik, eta biharamunean hala ere, Gasteizen ikusi genuen Iñigo Urkullu Lehendakari jauna, Rajoyren ondoan isilik eta otzan. Nik uste dut Urkulluk ere aukera aparta galdu zuela, EAE eta Euskal Herri osoko gizarte sektore oso handi baten, eskaera eta errebindikazioa egiteko Espainiako Presidenteari. Gainera, oso oker ez banago, esanen nuke erakutsi zuten plakan, espainiera baino ez zela agertzen; horra hor, bada, beste inposizio eta errespetu falta bat gehiago PPren aldetik, eta beste kikiltze bat gehiago EAJren partetik.

    Eta aste berean, Euskal Herrian bizi behar izan dugun beste gertaera tamalgarri bat, Miren Peñaren heriotza izan da. Batzuek azpimarratuko dute, zoritxarrez bere buruaz beste egin zuela besterik gabe, arrazoi handiagorik gabe, baina, gai honetan ere, gehienok badakigu Miren Peña iritsi zela muturreko egoera negargarri horretara, gizarte honen politika eta ekonomia anker jakin baten ondorioz. Miren, sistema honen zoritxarreko beste biktima bat gehiago da, bera ez da izan erruduna. Hala ere, hainbat politikari eta ekonomia ministro, Rajoy, Barcina, eta abar, besteak beste, hor ikusten ditugu, telebista guztietako pantailetan, harrokeriaz josita, gauza guztiak oso ongi egin dituztela esan eta esan, dena burutu dutela ahal zen modurik hoberenean, batere autokritikarik egin gabe, eta, noski, beti jokatu dutela herritar guztiak zerbitzatzeko, batez ere behartsuenak. Jendilaje horrek bai duela azal gogor eta latza!

Bilatu