Joseba Leizeaga I Orereta

Gipuzkoan atez ate bozka bila

Etxean lasai nengoen bitartean, etxeko txirrina jo zuten, atea zabaldu, eta nire harridurarako, hortxe, nire etxeko atarian zeuden. PSE-EEko bi militante ziren botoaren eske nire atea jo zuten haiek. Biharamonean, berriz ere ateko txirrina, hara eta non, gaurkoan EAJ-PNVko beste bi, hauek goxokiak banatzen eta guzti. Bi alderdi hauek hauteskunde hauetan berebiziko ahalegina egiten ari direla argi dut, zertarako egiten duten oso argi dago ere. Baina, mundu honetan formak oso garrantzitsuak direnez, ez zait iruditzen bi alderdi hauek bozkak eskuratzeko bitarteko egokiena erabili dutenik. Batez ere, Gipuzkoan Atez Ateko hondakinen bilketaren aurka erakutsi duten jarrera oldarkor itsuagattik, koherentzia, politikan zein bizitzan oinarrizkoa baita. Herritarren etxeetara bozken bila joatea, bozkak biltzeko era egokiena dela iruditzen zaielako egin dute, hondakinak biltzeko ordea, metodo hau baztertu, erridikulizatu eta demonizatu egin dute. Hondakinak atez ate jasotzearen aurkako borrokalari sutsu bihurtu diren bi alderdi hauek, bozken bila atez ate aritzeak, batetik bi alderdi hauek hondakinen bilketaren inguruan sortu duten eztabaida faltsuaren koherentzia eza agerian uzten du, edo bestetik, herritarren bozka hondakin bihurtzen ari direla. Besterik ez.

Bilatu