Joxe Iriarte, «Bikila» I Oiartzun

Gizateriaren etsaiak

Dorpe, kamuts, ezgai ikusten dut neure burua nire erraietatik gora irabazten nauen amorrazioa adierazteko. Hala ere, saiatuko naiz. Midas erregeak ukitzen zuen oro urrea bihurtzen zuen eta horregatik ezin jan eta ezin maitalerik ukitu. Beretzat maldizioa zenari, pentsatzekoa da norbaitek aterako ziola etekina. PPk ukitzen duen oro kakazten du, baina bere zuzendaritzan egon direnak eta daudenak etekina ateratzen diote gorotza urrea bihurtuz. Estatuaren kudeaketatik (errapetik) inongo lotsarik gabe aberasten ari dira. Urteak joan urteak etorri, maila desberdinetako gobernuetan eta instituzioetan egon diren ia guztiak daude auzipetuak, milioika euro lapurtzeagatik, eta hala ere, Maroto jaunak etorkinei egotzi nahi die gastu sozialetarako behar den diruaren iruzurra. Azala, aurpegia, lotsagabekeria, doilorkeria behar da gure gizartean dagoen haserrea, egonezina eta miseria etorkinen aurka bideratzeko eta horrekin botoak irabazi nahi izateko. Eta gutako askok arrazoia eman eta partidu oso progresistak beldurrez jukutria horren aurka irmo azalduz ez ote duten izango botoen galera. Ez da xenofobia kontua soil-soilik, gezurra ere bada, zeren Maroto jaunaren alderdikide iruzurti eta lapurrei eskatuko baliete itzul dezatela ostutako guztia, diru soberan ginateke.
Melilla. Espainiar kolonia, zeinean kokatzen diren indar militar erasotzaileenak (beti prest aberria eta kapitala defendatzeko), egun Europako hesia bihurtua. Bertan ikus daitezke etorkinak hesietatik zintzilik guardia zibilez inguratuta eta mugaren honanzko aldean (EB) golf zelai berde distiratsuetan golfariak jokoan beren begi bistan dagoen tragediak bost axola. Eta Barne ministroak errepresioari oztopo jartzen dion lege atalak aldatzen errepresio gordinena ere legala izan dadin.
Horren guztiaren aurka ez badugu egiten, zer geratzen zaigu duintasunetik eta gizatasunetik?

Bilatu