Josu Ikobaltzeta ezinbesteko abertzalea eta laguna
Txilu. JM Ziluaga
2012/12/04

Besarkada haundi bat Josu eta eskerrik asko, zure lagunen partez.

Ez dakit ondo noiz heldu zinen Ibarrangelura. Agian beti egon zara gure ondoan edo sentsazio hori daukagu behintzat, baina, oharkabean konturatu ginen lagun barri bat genuela herrian. Izan be, edurra jausten dan modure sartu zinen gure bizitzan: emekiro, apal. Eta ezinbesteko laguna bihurtu zinen, lagun indispensablea.

Txabik, zure anaiak esan eban modura, zuzentasuna eta askatasuna izan dira zure gidariak. Zapalduen eta gizarteko ahulen alde. Gu arro gagoz, gure ondoan egon zarelako beti. Sekule albotik joaten ez dan laguna, askatasunaren silueta baten modure.

Egia esan, ez zinen hainbeste ezberdintzen zure anaiengantik, zeu be misiolari baten modure ibili izan zarelako, preso eta abertzaleen aldeko misiolaria.

Hain zara konpañeroa, ze, zeure bekoki «ceñudo» eta garbi horretan idatzita dekozula Benedettiren poema: «Compañeros, quiero que sepan que pueden contar conmigo, no hasta dos, ni siquiera hasta diez. Solo quiero que sepan a ciencia cierta, que pueden contar conmigo».

Josu, geure «menditxoa», urte osoko olentzero baten modura ibiltzen zara, kartzelan egindako kolorezko pultserak geure umeen artean banatzen. Edo ta presoen argazkiak erakusten ta banatzen; holanik ere, preso bakoitzari aurpegia, sentimenduak ipiniz. Izen bakoitzaren atzean emakumeak, gizonak eta umeak daudela erakutsiz..halan dekoguz gordeta etxean Irantzu ta xabier pozarren, beren umeekin, halan dekoguz gogoan Arnaltz Gisasola, Kepa Zubizarreta ta Oier, Zaloa, …eta holan batzen zenduzen elkartasunezko kate batean gehien maite zenduzenak, umeak eta presoak.

Eta honen aurrean pentsatzen jarrita…Jo, Josu, ze ona! Maitasuna zabalduz, samurtasuna landuz, zabaltzen zendun zure mezua, zapalduen aldekoa. Gu be zure iraultzakoa nahi dogu izan, kontzientziaren iraultzakoa.

Seguru nago, zuk, gu guztiok hemen bilduta ikusita, zure ateraldi ironiko bat botako zendula. Baina, gaur, emon euskuzu lizentzia, Josu, egun hauetan saman ezin kenduta dekogun lotura askatzeko. Momentutxo bat emon Lagako uretako mareak, zure errautsak gure malkoekin nahasta ditzan…

Eta gero bai.. gero ardo baltza kopara bota eta topa egingo dogu, pertsona zapaldu guztion omenez, ume guztien alaitasunaren omenez, Euskal Herriko eta munduko preso guztien askatasunaren omenez, zure omenez.

Badakigu, betiko modure, lehenengo erronda zuk pagata utzi dozula.

Beti arte Josu, geurea, laguna, abertzale maitea.

Artikuluak
Maciek Wisniewski
2014/09/01
Eduardo García Langarica
2014/09/01
Iker Casanova Alonso
2014/08/31
Iñaki Egaña
2014/08/31
Gutunak
Josu Imanol Unanue Astoreka eta Ramon Garaizar Olaizola
2014/08/29
Héctor Poderoso García
2014/08/29
Beñi Agirre I Euskara irakaslea
2014/08/28