Kataluniako autodeterminazio-erreferendumaren alde
Iñigo Jaca, Joseba Felix Tobar Arbulu, Xabier Zarandona eta Josu Albero
2017/06/16

Behean sinatzen dugun ICEC-EUSKAL HERRIAren partaideok, Kataluniako herria bizitzen ari den une historiko honetan, zera adierazi nahi dugu:

-Katalan herriak bere etorkizun politikoa autodeterminazioaren bidez erabakitzeko eskubidea duela, eta katalanei soilik dagokiela erabakitzea zer nolako harreman politikoa mantendu nahi duten estatu espainiarrarekin.

-Gatazka politikoak konpontzeko biderik eraginkorrena prozedura demokratikoen erabileran datzala. Beraz, Kataluniako eskaera politikoak erreferendum demokratiko eta lotesle baten bidez bideratu behar dira, katalanek –mugarik gabe– berezko Estatu independentea ala estatu espainiarrean jarraitzea nahi duten erabaki dezaten.

-Gobernu espainiarraren mehatxuak arbuiatzen ditugu, eta Kataluniaren autogobernuaren aurkako edozein balizko eraso tinko errefusatzen dugu. Demokrazian sakontzeko eskaerari ezin zaio erantzun eskubide demokratikoak murriztuz.

-Euskal Herriko agintariei eta gure Herriko bi parlamentuei zein Euskal Hirigune Elkargoari Kataluniako Gobernu eta erakundeei haien sostengu osoa ematea eskatzen diegu. Era berean, Kataluniak bere etorkizun politikoa hautatzeko duen autodeterminazio eskubidea Euskal Herriarentzat ere aldarrikatzea eta defendatzea eskatzen diegu.