Sonia Garcia | KIMUko langile baten senidea

KIMU, Oion eta IFBS

Ez dakienarentzat, KIMU, urritasun intelektuala duten pertsonentzako Arabako lanbide-egoitza bat da. Oionen dago, eta Arabar Errioxako herri guztien erreferentzia gune da.

Momentu hauetan, egoitza, zaharkitua dago. Badira ia berrogei urte funtzionamenduan dagoela (1980tik) eta ez da aldaketa bat bera ere egin orduandik. Ez ditu bertan lan egiteko beharrezko baldintzak betetzen.

Egoitzan sartu beharko luketen pertsonak daude gaur egun, baina zoritxarrez ezin izango dute egin. Beraiena den eskubide hori kenduko zaie, beraien etxeetan geratzera behartuz. Egoitza txiki gelditu da eta ez dago jende berriarentzako lekurik, beteta baitago.

Ez daukate lekurik ez lan egiteko tailerrean, ezta programatutako ekintzak egiteko. Ez dute jateko, gimnasia edo errehabilitazioa egiteko lekurik. Komunera joateko edota hortzak garbitzeko ere itxaron beharra dute.

Beraien begirale, bulegari eta psikopedagogo taldeak ere espazio egoera berean daude. Bulego bakarra dago denentzako. Ez dute biltzeko gela bat bera ere, ez armairu edo komunik. Haiek ere edozein gauza egin ahal izateko itxaron beharra dute.

Hau dena irribarre handi batez lagundurik egiten dute. Familiakoei falta zaigun irribarrea haien egoera ikusita IFBS-ari behin eta berriz salatzeaz nekatu garen egoera. Aldundian egoera hau ondo ezagutzen dute, baina badirudi ez daudela motibatuta pertsona hauen egoera aldatzeko beharrezkoak diren obrak egitera. Inoiz ez omen dago dirurik.

Hauteskunde garaian, gobernuaren paktuen garaian, familiakoei hain kaotikoa den egoera hau aldatuko zela zin egin ziguten. Baina dena promesa faltsuak izan dira. Egoera luzatuz doa, eta erantzukizuna IFBS-tik Arabako arkitektura aldundiraino pasatzen doaz, pilota baten antzera.

Beroaldi garai hauetan, KIMUn egoitza osorako 5 bentiladore dituzte soilik.

Beatriz Artolazabal, giza ongizatearen zinegotziak eta IFBS-k onartuko al lukete egoera horretan lan egitea? Ezezkoan nago, egoera horri irtenbide bat jarriko lioketela uste dut, inork ezin baitu horrela lan egin. Beste leku edo enpresa batean kexak egongo lirateke, eta sindikatuek langileen eskubideak aldarrikatuko lituzkete. Guk ez, kexatzen bagara, agian, laguntza gabe eta egoitza gabe geldituko ginatekelako.

Orain oporrak helduko dira. Espero dugu itzuleran, irailean, zerbait hobetu izana edo irtenbide bat aurkitu izana. Ez daitezela hitz soilak izan, errealitate bat izan dadila. KIMUko langile eta monitoreak doazen irribarre hori ikusten jarraitzeko, lan baldintza duinak, justuak eta beste edozein langilek dituenaren berdinak eskatzen ditugu soilik.

KIMUtik, Araba probintziako hegoadean dagoen Oionetik, soilik gogorarazi nahi ditut erakunde honetako erantzuleak,existitu, bizi eta lan egiten duten pertsonak garelako.

Bilatu