Gorka Etxeberria I Donostia

Xabier Iturbe: erdizko egiak gezur bihurtzen direnean

Egunkarietan zuri egindako elkarrizketak irakurrita, Gipuzkoako Aldundiaren proposamenean bi ideia sinple besterik ez zeudela diozu eta horretan baino ez, arrazoi osoa duzu. Ideia oso sinpleak ziren: Kutxabanken akzioak udalei eta Diputazioari ematea eta horiek jasotzen dituzten dibidenduak Kutxari itzultzea.
Ideia sinple horiek balio dute aurrezki kutxak sortu zirenetik hona izan duten izaera publiko eta sozialari eusteko. Zer gehiago behar dugu?
Ondoren elkarrizketan horren kontrako argudioak botatzen hasi zara, eta benetan,   Urkijo supergobernadorea ematen zenuen: Espainiako lege hau, zure alderdiak sukaldatu eta onartutako beste legeren bat, Espainiako Bankuaren ez dakit zer (estatua porrot ekonomikoaren arduradun gorena finantza sistema ez duelako ikuskatu), etab.
Europak ez du pribatizatzea behartzen eta hor dituzu Alemaniako kutxak, beti bezain legezko eta indartsu, hango sistema ekonomikoaren oinarri.
Izan ere, ekonomia oso sinplea da. Adibidez, esaldi gutxi-gutxitan laburtu daiteke egiten ari zaretena: arduradunak sistema demokratikoz aukeratu beharrean frankismora itzultzea (atzamarrez), irabaziak herrira itzuli beharrean operazio espekulatzaileetan eta kanpoko inbertsioetan xahutzea, ahulenei egurra ematea (etxe kaleratze gehien egiten duzuen erakundea zarete), 400 euro ziztrinengatik abalemaileak ere etxerik gabe uztea…
Iturbe eta Mario jaunak, Rato eta Blesaren mailan zaudete dagoeneko!

Bilatu