Euskara omentzeko besta solik izan dadin

Almandoz, Amaiur, Aniz, Arizkun, Arraioz, Azpilkueta, Berroeta, Elbete, Elizondo, Erratzu, Gartzain, Irurita, Lekaroz, Oronoz, Ziga. Hamabortz. Ama beraren haurrak. Hamabortz dira, orobat, Nafarroako ikastolak, ama berberarenak, atzo herri horiek biltzen dituen ibar eta udalerri Baztanek omendutako amarenak, hain zuzen. Ez zen, ordea, omenaldi hutsa izan, Nafarroa Oinezen edizio guztiek, egun arte behinik behin, laguntza lortzeko ekitaldi bihurtu beharra baitute euskararen besta. Baztan ikastolak, Nafarroako bertze hamalauak bezala, diru premia baitu, oraingo honetan azpiegitura hobekuntzak egiteko, eta haurrak lurraldeko hizkuntzan hezteko herritarren elkartasuna ezinbestekoa du. Egoera bitxia da, eta tristea, baina aldi berean pozgarria, herritar horiek Nafarroako jatorrizko hizkuntzari erakutsi eta erakusten dioten atxikimendua ikusita.

Jendetza inguratu zen atzo Elizondora, ohi baino handiagoa segur aski; eta, ohi ez bezala, Nafarroako Gobernuaren ordezkaritza handia ere bai. Normala izan behar luke lurraldeko instituzioen parte hartzeak horrelako bilguneetan, baina orain artean salbuespena izan da. Atzo Elizondon gogorarazi zutenez, duela 50 urte, diktadura betean, sortu zen Nafarroako lehen ikastola, Iruñeko Uxue, hain zuzen. Diktadura joan zen, euskararen debekuaren garaia ere bai, ustez; demokrazia iritsi omen zen, baina ez euskararendako, Euskal Herrian oraino ez baitago euskaraz bizi edo ikasi nahi dutenentzako demokraziarik. Urte aunitzean herrialdeko hizkuntzaren ardura izan behar zuketenek ezaxola baino gehiago erakutsi izan dute: aurkako jarrera argia, laguntza ezetik harago, oztopatu eta euskararen aldeko lana susmopean jartzeko nahia.

Atzoko edizioak aldaketaren hasiera izan beharko luke, Nafarroa Oinez ama euskara omentzeko besta baizik izan ez dadin. Baina horretarako, arlo sinbolikoan sumatutako aldaketa eguneroko bizitzan ere nabaritu beharko litzateke. Ez da goiz bateko lana izanen, baina bai gogoz lan egitekoa, haur guztien, nafar guztien eskubidea baita.

Bilatu