NAIZ
DONOSTIA

EH Bildu «pozik», Donostiako Udalak anbulategia Bretxan jartzea onartu duelako

Donostiako Udalak Alde Zaharreko eta Erdialdeko anbulategia Bretxan jartzea onartu duelako «pozik» agertu da EH Bildu, auzo horietako herritarrek anbulategi «duin eta zabalago bat izatea» ahalbidetuko dielako. Arraindegi eraikinean herritarrentzako ekipamendu gehiago jartzeko eskua luzatu dio koalizioak Eneko Goia alkateari.

Bretxako Arraindegi eraikinean kokatuko da Alde Zaharreko eta Erdialdeko anbulategia. (Imanol OTEGI/ARGAZKI PRESS)
Bretxako Arraindegi eraikinean kokatuko da Alde Zaharreko eta Erdialdeko anbulategia. (Imanol OTEGI/ARGAZKI PRESS)

EH Bilduk ohar batean adierazi du «pozik» dagoela joan den osteguneko osoko bilkuran Udal Gobernuak publikoki onartu zuelako anbulategiaren kokapen berria. Donostiako Udalak Alde Zaharreko eta Erdialdeko anbulategia Bretxan jartzea onartzeak auzotarrentzako «albiste oso ona» dela zehaztu du koalizioak, anbulategi «duin eta zabalago bat izatea» ahalbidetuko duelako.

Koalizioak proposatu du Bengoetxea kalean «hirugarren adinarentzako eguneko zentro bat» eta Esterlines kalean «erabilera anitzeko aretoak eta haur txoko zabal bat» jartzea, bi eraikinak hutsik geratuko baitira. Udalak gune hauek Alde Zaharrak duen «ekipamendu publiko falta nabariari» aurre egiteko erabili behar dituela uste du koalizioak.

Horren harira, EH Bilduk berretsi egin du Arraindegi eraikinaren erabilera publikoaren aldeko apustua. Kudeaketa publikoa berreskuratu ondoren, anbulategiaz gain, «erabilera anitzeko aretoak, estalitako kirol ekipamendu publikoak eta turismo bulegoa» jartzea proposatu du, azken hau Bulebarretik Arraindegi eraikinera eramanez gero, «Udalak urtean 150.000 euro aurreztuko lituzkeelako», alokairuaren truke ordaintzen duena, alegia.

Koalizioak gogorarazi du Arraindegi eraikinean lehen sustatutako ereduak «porrot egin duela, akats larria litzatekeela» eredu horretara itzultzea, eta eskua luzatu nahi dio Eneko Goia alkateari proiektua auzotarrekin batera zehaztu dadin eta Arraindegi eraikinak herritar guztiei zerbitzua eman diezaien.

«Iraunkortasun irizpideak eta herritarren beharrak» eraikinaren etorkizuna zehazteko kontuan hartu behar direla uste du EH Bilduk, eta horretarako prest dago talde guztiekin hitz egin eta akordioetara iristeko.