NAIZ

Fermin Muguruzak «hasiko naiz pentsatzen 2025erako zerbait» esan du, bi ‘sold out’-en ostean

Ziztu bizian; minutu bakarrean, Mauka musikagintzaren arabera. Denbora tarte horretan agortu dira Fermin Muguruzak oholtza gainean daramatzan 40 urteak ospatzeko antolatu den bigarren kontzerturako sarrerak. NAIZek ere zozketatu ditu bere harpidedunen artean banatzeko zituen 1.000 sarrerak.

Fermin Muguruzak emango dituen bi kontzertuak iragartzeko kartela.
Fermin Muguruzak emango dituen bi kontzertuak iragartzeko kartela. (@muguruzafm)

Ikaragarria izan da, zoramena. Lehen kontzerturako aurreikuspen guztiak hautsi ostean, Fermin Muguruzak bigarren kontzertu bat iragarri zuen asteartean. Ostegun honetan jarri dira sarrera berriak salgai eta ziztu bizian agortu dira, zortzi minututan gure kalkuluen arabera –ordenagailuarekin borrokatzen ibili gara beste hainbat zaletu bezala– eta, antolatzaileen arabera, minutu bakarrean. Berehala.

Bigarren honetarako eskaera zifrak sekulakoak izan direla nabarmendu dute antolakuntzatik. Izan ere, ostegun honetan 8.000 sarrera saldu direlako; beraz, abenduko bi kontzertuetan 16.000 pertsona bilduko dira Bilbao Arenan. Kanpoan, berriz, milaka pertsona izango dira sarrerarik gabe geratu ostean.

2024ko musika hitzordu garrantzitsuenetakoa bilakatu da Fermin Muguruzak bere 40 urteko ibilbidea ospatzeko antolatu dituen bi kontzertuak. Abenduaren 20erako iragarri zuen lehena, Bilbao Arenan, eta sarrerak berehala agortu ostean bigarren kontzertu baterako deia ere zabaldu zuen, leku berean egun bat beranduago ospatuko dena.

Ostegun honetan, 10.00tan ireki da bigarren kontzertu horretarako salmenta orokorra eta zortzi minutuan agortu dira sarrera guztiak. NAIZeko harpidedunek ere izan dute kontzerturako sarrerak lortzeko aukera, 1.000 sarrera zozketatu baitira euren artean.

«Hasiko naiz pentsatzen ea 2025ean ere zerbait egin dezakegun sarrerak lortu ez dituztenak asetzeko», aurreratu du Fermin Muguruzak

Behin sarrerak agortuta, egunotan jasotako maitasun guztia eskertu nahi izan du Irungo artistak: «Asteartean asko sufritu genuen ikusterakoan nola milaka eta milaka pertsona ordenagailuen kontra borrokatzen ziren. Egia esan, oso etsigarria izan zen. Aldi berean, ez nuen inondik inora harrera hau espero, eta hitz ederrak besterik ez ditut zuok guztionganako. Azken egunotan jasotako maitasun guztia indarrez eta kemenez itzuliko dizkizuet taula gainetik, eta hasiko naiz pentsatzen ea 2025ean ere zerbait egin dezakegun sarrerak lortu ez dituztenak asetzeko».

Bi kontzertu hauek ikuskizun soil bat baino askoz gehiago izango direla nabarmendu nahi izan du Muguruzak, musika adierazpenerako eta aldaketa sozialerako tresna gisa erabiliz. Publikoak euskal musikaren ikono bilakatu diren hainbat abestiz gozatu ahalko du.

«Kontzertu hauek zentsuraren eta azkenaldian herri gisa jasaten ari garen eskuin muturraren erasoen aurkako festa izatea nahi dut. Hor daude Valentzian nire omenez egindako horma irudiagatik inputatu duten ikastetxe bateko zuzendaria eta zuzendaritza-kontseiluko 5 irakasle, edota Itziar Ituñoren edo Athleticeko jokalarien aurkako erasoak ‘Sarri, Sarri’ abesteagatik. Oso argi eta ozen esan nahi diet: Abenduaren 20an eta 21ean ‘Sarri, Sarri' eta beste hainbat abesti gure indar guztiarekin kantatuko ditugu, herri honetan zentsuraren gainetik aurrera egiten dakigula erakusteko», nabarmendu du Muguruzak.