NAIZ
Bilbo

Fermin Muguruzak 40 urteko ibilbidea berpiztuko du Bilbao Arenan eskainiko duen kontzertuan

Fermin Muguruzak 40 urteko ibilbide musikala berpiztuko du datorren abenduaren 20an Bilbao Arenan eskainiko duen kontzertuan. GARAk poster bat banatuko du egunkariarekin batera igande honetan eta sarrerak salgai izango dira asteartean (NAIZeko harpidedunentzat, lehenago eta merkeago).

GARAk igandean banatuko duen posterraren irudia.
GARAk igandean banatuko duen posterraren irudia. (NAIZ)

2013 urtetik eszenatoki handietara igo gabe egon ondoren, Fermin Muguruzak (Irun, 1963) taula gainera itzuliko dela iragarri du bere urtebetetze egunean, ‘FM Muguruza. 1984-2024’ izenburupean eskainiko duen kontzertuarekin. Bertan, azken lau hamarkadetan eginiko bidea ekarriko du gogora, Kortatu eta Negu Gorriak taldeen hastapenetatik bakarkako lan berrietaraino. Hitzordua abenduaren 20an izango da, Bilbao Arenan. Muguruzak berak eman du honen berri sare sozialetan.

 

Baina urteurren borobil hau testuinguruan jarri nahi izan du sortzaile irundarrak. Izan ere, espainiar eskuin mediatiko eta judizialak berriz ere abiarazi du Muguruzaren aurkako oldarraldia. Hartara, ‘Zentsurari Stop’ adieraziz erantzungo die musikariak taula gainetik, bere ibilbidea eta ondarea aldarrikatuz. «Kontzertu hau zentsuraren eta azken aldian herri gisa jasaten ari garen eskuin muturraren erasoen aurkako festa izatea nahi dut –nabarmendu du musikariak berak iragarpenean–. Hor daude Valentzian nire omenez egindako horma irudiagatik inputatu duten ikastetxe bateko zuzendaria eta zuzendaritza-kontseiluko bost irakasle, edota Itziar Ituñoren edo Athleticeko jokalarien aurkako erasoak ‘Sarri, Sarri’ abesteagatik. Oso argi eta ozen esan nahi diet: Abenduaren 20an ‘Sarri, Sarri’ eta beste hainbat abesti gure indar guztiarekin kantatuko ditugu, herri honetan zentsuraren gainetik aurrera egiten digula erakusteko», ohartarazi du.

Kantu historikoz beteriko gaua

Kontzertu hau kontzertu soil bat baino askoz gehiago izango dela nabarmendu du artistak, musika adierazpenerako eta aldaketa sozialerako tresna gisa erabiliz. Publikoak euskal musikaren ikono bilakatu diren hainbat abestiz gozatu ahal izango du. Besteak beste, Kortaturen zein Negu Gorriak-en garaiko lan sendo eta konprometitua, edota bakarka izan duen bilakaera ekarriko ditu gogora. Kantu historikoz beteriko gaua izango dela aldarrikatu du Muguruzak.

Izan ere, Fermin Muguruza izaera poliedrikoko artista da, eta nabarmen erakutsi du halaxe dela berrogei urteko ibilbidean. Hori guztia agertoki gainean ospatzea pribilegioa dela dio, «batez ere nire inguruan jendea erortzen ikusi ondoren. Eskenatokira igo nintzen azken aldia kontzertu bat eskaintzeko, Iñigo anaiaren omenez izan zen, duela bost urte, eta oraingoan espero dut kontzertu hau berezia izatea datozenentzat; niretzat, behintzat, hunkigarria izango da. Gutako askori eta herrialde honetako imaginario kolektiboari forma eman dioten uneak gogoratuko ditugu hainbat hamarkaden ostean».

Kortatu eta Negu Gorriak taldeekin euskal panorama musikalaren erreferente bihurtu zen Muguruza, eta gerora ere musikaren bideak urratzen jarraitu du bakarka, reggae eta dub-a oinarri hartuz eta erritmo latindarrak, rocka, hip-jopa, funka, soula eta drum and basseko elementuekin fusio estiloa nahastuz.

Beste diziplina artistiko batzuetan ere lan ugari egindakoa da, besteak beste, Al Jazeera katearentzat arabiar musikari buruzko dokumentalak, ‘Black is Beltza’ arrakastatsuaren bi filmak edo ‘Bidasoa 2018-2023’ dokumentala.

Sarrerak erosteko erraztasunak eta posterra opari

Abenduaren 20an Bilbao Arenan egingo den kontzertu berezirako sarrerak datorren asteartean, apirilak 23, jarriko dira salgai, goizeko 10.00etik aurrera, www.muguruzafm.eus webgunean.

Horrez gain, eta kontzertuaren berezitasuna kontutan hartuz, GARAk eta NAIZek bat egiten dute hitzorduarekin. Hartara, bihar bertan, igandez, Muguruzak berak sinatutako poster berezia banatuko da egunkariarekin batera. Eta bestetik, NAIZeko harpidedunek sarrerak lehenago eta merkeago erosteko aukera izango dute. Horretarako jarraibideak igande honetan jasoko dituzte email bidez.