Elkarrizketa
Fermin Muguruza
Musikaria

«Edonork errekonozimendu bat egiten badit, zigortu egiten dute»

Hamahiru urtez oholtza handi batera igo gabe pasa ostean, Fermin Muguruzak 40 urteko musika ibilbidea ospatuko du abenduaren 20an Bilboko Miribillan. Sarrerak astearte honetan, apirilak 23, jarri dira salgai eta NAIZ eta GARAko harpidedunek lehenago eta merkeago eskuratzeko aukera izan dute.

Audio_placeholder

«Edonork errekonozimendu bat egiten badit, zigortu egiten dute»

Loading player...
Fermin Muguruza 2013an, Hondarribiko Psilocybe aretoan.
Fermin Muguruza 2013an, Hondarribiko Psilocybe aretoan. (Jon IRAUNDEGI)

Kaixo Fermin, zer moduz zaude?

Ondo, animatuta.

61 urte bete berritan auto-oparia egin diozu zure buruari 40 urteko ibilbidea ospatuko duzun kontzertua datorrelako abenduaren 20an. 50 zenituen azkenekoz oholtza handi batean eskaini zenuen azken kontzertuan.

Ez nuen uste apirilaren 20arekin, nire urtebetetzearekin, iragarriko nuenik. Baina zenbait gertakari eman direla medio, bultzatu naute auto-opari hori egitera. Nik, hala ere, beste jende askok egiten didan opari bezala hartzen dut hau guztia. Gustu handiz hartzen dut, baina erronka handia da. Gauza asko egin ditut bidean, baina azken bira duela hamaika urte izan zen eta, azken kontzertua, Bilboko Kafe Antzokian, duela 5 urte, Iñigo anaiaren omenez.

Hortik aurrera gauza dezente gertatu dira, oso zailak izan direnak niretzat. Oholtzatik halako urruntze bat sentitu nuen, nire tokia ez balitz bezala sentitzera iritsi nintzen. Eta, hortaz, kosta egin zait kontzertu bat egingo dudala sentitzea. Baina inguruan zenbait jende izan dut animatu nauena eta Kortaturen maketa atera zenetik 40 urte bete dira aurten. Niretzat gauza horiek ospatu egin behar dira. Beraz, bi aukera nituen, ezer ez egitea edota zerbait egitea, eta, zerbait egitekotan, aproposena zen berriz ere musikari batzuekin bildu eta kontzertu bat egitea. Kartak mahai gainean jarrita, noiz eta nola egingo nuen erabaki behar zen.

Azken urte hauek nolakoak izan diren ere kontatu beharra dago horretarako. ‘Black is beltza II: Ainhoa’ aurkeztu nuenetik 300 elkarrizketa egin nituen, 200 bat aurkezpen mundu osoan, aldi berean ‘Bidasoa 2018-2023’ dokumentala egiten eta ‘Ainhoa’ aurkezten nengoen hirugarren astean ‘Bidasoa’ ere aurkezten… Abendura arte ez nintzen geratu, beste 30 aurkezpen, 100 elkarrizketa inguru… Dena demasekoa izan zen. Aurten lasai egoteko tarte bat hartu nahi nuen, baina ideia hau ere bazebilen nire buruan eta ‘Zorrotz’ hedabideari, eman nuen azken elkarrizketan, esan nien bueltatzeko nahia nuela 2024rako. Izatez uztailean egin nahi nuen zerbait, uztailaren 19an izango delako Kortaturen urteurrena, baina goizegi zen niretzat. Lasai egoteko, indarra hartu, zer egin eta zer ez erabaki eta prest egon nahi dut.

Zerbait egitekotan, aproposena zen berriz ere musikari batzuekin bildu eta kontzertu bat egitea. Kartak mahai gainean jarrita, noiz eta nola egingo nuen erabaki behar zen.

Miribilla aukeratu duzu

Lehen hilabete hauetan zer egin pentsatzen ibili naiz, eta guk biok topo egin genuen Huntzaren agur kontzertuan Miribillan. Kontzertu aurretik kalakan ibili ginen, gainera. Berezia izan zen kontzertu hura. Gu Kortaturen garaian urbanitak, kaletarrak izan ginen, baina Maurizia Aldeiturriaga sampleatuta geneukan Kortaturen lehen diskoan eta erromeria mundu hori interesgarria iruditu zitzaidan beti. Egin Irratian hasi nintzenean ere, nire saioaren aurretik ‘Bota puntua’ bertso programa emititzen zen. Teknikaria Jota zen sasoi hartan, gero Bilboko Kafe Antzokiko teknikari izan dena, eta berak ekarri zidan Tapia eta Leturiaren musika, zuzenean grabatuta. Erromeria egiten zuten, baina ‘Sarri sarri’ ere jotzen zuten garai haietan Tapiak eta Leturiak. Hor hasi nintzen trikiti mundura eta bertso mundura gerturatzen eta Negu Gorriaken lehen biran, Bartzelonako kontzertua Tapia eta Leturiak ireki zuten. 1993an Europan Suitzan edota Alemanian izan ziren gurekin. Berlinen, okupa etxeetan, pentsa, Tapia eta Leturia irekitzen. Gero ‘Inkomunikazioa’ diskoan Joseba Tapiak trikia kantu guztietan egokitu zuen, eta hori trip-hop estiloko kantuak ere bagenituela! Haren ostean etorri zen Xabi Solano, ondorengo bira guztietan ondoan izan dudana eta kontzertu honetan ere egongo dena, jakina.

Huntzarekin, berriz, harreman handia egin nuen Argentinan zeudela Euskal Etxetik kanpora kontzerturen bat eman nahi zutelako eta nire bidez Salon Puyrredon aretoan jo zuten. Gero, Mexikon nintzela, berriz ere bat egin genuen eta Mexiko Hiriko Foro Aliciara eraman nituen, hango lokalik ezagunena dena, New Yorkeko CBGB areto mitikoaren parekidea izan daitekeenera. Nik ere Mexikoko talde batekin kantu batzuk egiteko baliatu nuen. Hortaz, agurrera gonbidatu ninduten eta nire ustetan une horiek ezin dira galdu. Eta, bitxia da, zurekin topo azkenekoz bertan egin nuelako.

Horren aurreko aldia izan zen pelikula aurkeztera NAIZ Irratiko estudiora etorri zinenean, eta «bueltan nator» esan zenidala gogoan dut.

Miribillan bi atal daude kontatu nahi ditudanak. Batetik dago atal musikala eta bertan sortu zen giroa. Nik ez nuen aretoa ezagutzen, nahiz eta beste hainbeste eta hainbeste toki ezagutzen ditudan. Maukako Igortzek esan zidan asko gustatuko zitzaidala, Argentinako ‘La bombonera’ zelaiarekin alderatu zidan. Sartu nintzenean izan nuen inpresio hori, harmailak oso bertikalak dira. Oso ondo prestatuta dagoen aretoa iruditu zitzaidan. Gainera, kontzertuan klimax egoera ederrak sortu ziren. Orduan pentsatu nuen toki oso ederra zela, nahiz eta jende asko egon bertan oso jasoa zelako eta gertutasuna sentitzen delako. Eta, atal tekniko aldetik, aipatu Euskal Herrian badirela beste hainbat promotora kontzertuak-eta antolatzen ari direnak baina ez naiz haiekin identifikatuta sentitzen. Huntzaren emanaldian, Maukako jendea ikusi nuen Entzunekoekin eta Jimmy Jazzeko jendearekin lanean eta horrek gogoratu zizkidan Negu Gorriaken garaian Matxitxarekin antolatzen genituen gauzak. Beste bultzadatxo bat eman zidan horrek ere, haiek ere horrelako gauza bat antolatzeko gai zirela ikusteak. Zer giro ona zegoen kamerinoetan, dena izugarri ondo joan zela ikustea… Hortaz, bertatik zeharo motibatuta atera nintzen eta handik astebetera hasi ginen hizketan.

Egia da Maukaren aldetik sekulako bultzada izan dudala. Gaur grabatzen ari garen tokian, nire 60. urtemuga antolatu nuen. Zinema munduko jendea gonbidatu nuen, musikari asko ere bai, garaikideak eta Verde Prato edota Olaia Inziarte bezalako gazteak ere bai. Merina Grisek kontzertua eman zuen eta Des-Kontrol taldekoekin ere abesti batzuk kantatu nituen. Azken hauekin Zaballako kartzelan ere izan nintzen eta, beste egun batez, Beran zuten kontzertu batera eraman ninduten beren kontzertua eta Olaia Inziarterena ikustera, jakitun animoz ez nintzela nire onenean. Gazteen bultzadak ere animatu nau aurrera egitera. Hortaz, Maukakoekin hizketan esan nien aurrera egingo genuela eta haiek segituan data finkatzeko esan zidaten, aretoetan epe luzera egiten delako lan gaur egun. Ezin nuen sinetsi eta talka bat izan da niretzat musikara itzuli eta aldaketa horiek guztiak ikustea. Otsailean erreserbatu genuen abenduaren 20ko data, eta, behintzat denbora izango dut entseatzeko eta abar. Gainera, aste horretan, abenduaren 17an, Iñigo anaiaren urtebetetzea ere bada, aurten 60 beteko lituzke. Hortaz, aste hori oso esanguratsua izango da, azkenekoz Bilboko Kafe Antzokian izan nintzelako Iñigoren omenez abestuz eta itzulera ere Bilbon izango delako.

Hau guztia uztailaren 7an iragartzeko asmoa nuen, berriz ere presioa, elkarrizketak eta halakoak gainera etorriko zitzaizkidalako eta horretarako ere prest egon nahi nuelako. Baina dena aldatu da azken gertaera horiek medio eta, horrenbestez, berriz ere hemen gaude elkarrekin kontzertu hau iragartzen.

Aste hori oso esanguratsua izango da, azkenekoz Bilboko Kafe Antzokian izan nintzelako Iñigoren omenez abestuz eta itzulera ere Bilbon izango delako.

‘Hipokrisiari stop!’ esatetik ‘Zentsurari stop!’ esatera pasa zara. Aipatzen ari zaren gertaera horiek zentsurari oso lotuta daudenak direlako.

Hain zuzen ere. Martxoa hasieran kontatu ziguten Valentziakoa. Beste hainbat gauzaren inguruan beti egoten da zaratatxoren bat edo, baina hau oso latza iruditu zitzaidan. Valentzian, Bellreguardeko La Safor zonaldean dagoen Joan Fuster institutuan horma-irudi erraldoi bat egin zuten nire omenez eta ekitalditxo bat egin zuten ni inguruan nintzela aprobetxatuz. Bertaratu nintzen, sekulako oparia zelako, oso eskertuta nintzen, Goya sarietan sekulako egurra jasotzetik nentorrelako. Arnas freskoa izan zen niretzat, gazteak dantzan, zuzendaria hitz onak luzatuz… Kereila bat aurkeztuko zutela jakin genuen gero, baina ez genekien Gandiako Auzitegiak hori onartuko zuen edo ez. Eta, halako batean, esan ziguten aurrera zioala kereila eta zuzendaria deklaratzera deitu zutela «terrorismoa goratzeagatik». Urtebetetik hiru urtera arteko kartzela zigorra jaso zezakeen. Sekulako beldurra sentitu dute, noski. Gu, Euskal Herrian, zoritxarrez, kriminalizazio horretara ohituta gaude. Atzera begirakoa egiten dudanean, bizitza osoko jazarpen baten istorioa da nirea, adibidez. Baina, hemen, zuzendaria eta zuzendaritza kontseiluko bost irakasle epaituko dituzte «terrorismoa goratzeagatik» eta harrituta zeuden eta epaiketa prestatzen ari dira abokatuekin. Gandiakotik aurkako sententziaren bat erortzen bazaie, nahiz eta gero Valentzian helegitea aurkezteko aukera izan, ezin izango du zuzendari izan berriz ere. Zergatik gertatzen da hori? Niri buruz mural bat egitearren kondenatu dezakete bat?

Hor, gainera, «terrorismoa» goratzea bada egozten zaien delitua, zu «terroristatzat» hartzen zaituztelako da.

Jakina. Ni hemen nago, ez aurkezpen ez elkarrizketarik egiten, nire aurka ezer ez dagoen garaian… Beno, Korrika Irundik atera zenean hitz batzuk eskaini nituen medioetan, eta honen inguruan galdetzen zidaten. Begira, AVTk ere esan izan du ‘Sarri sarri’ kantuagatik salatu izan nautela, baina hori ere gezurra da. Nik bizi izan dudan prozesu judizial bakarra Enrique Rodriguez Galindorekin izandakoa da, eta irabazi egin genuen. Gainera, bera, kartzelan zegoen Lasa eta Zabala hiltzeagatik, besteak beste. Hilketengatik zegoen, hiltzailea zen. Hortaz, zer nolako obsesioa dago nire kontra? Edonork errekonozimendu bat egiten badit, zigortu egiten dute. Duela lau urte ere, ‘Black is beltza’ pelikularekin espainiar telebista publikoan eman nuen elkarrizketa batengatik barkamena eskatu behar izan zuen biharamunean elkarrizketatzaileak. Arrazoi bakarra ni elkarrizkezkatzea izan zen. Hortaz, ezin naiz bizi? Ni hemen nago, salaketa bat jarriko didazue existitze hutsagatik?

Hortaz, ezin naiz bizi? Ni hemen nago, salaketa bat jarriko didazue existitze hutsagatik?

Eta, gainera, zu babesten zaituen oro kriminalizatzen da, Itziar Ituño horren adibide. Edota, Athleticeko jokalarien ospakizunaren harira, egurra eman diete sektore batzuetatik.

Itziar Ituñok sekulako egurra jaso zuen urtarrilean presoen aldeko manifestazioan egotearren. Presoen aldeko manifestazioa esaten dugunean, salbuespen egoera horrekin bukatzeko nahiaz ari gara. Berak, beranduago, sari banaketa bat baliatu zuen esateko bera egurtu zuten bezala bere beste lagun bat ere egurtu zutela esateko eta saria hari eskaintzeko. ‘Sarri sarri’ abestu zuen orduan. Hortaz, esan beharra dago, Itziar Ituño lehendakari, a zer nolako enbaxadorea duguna mundu guztian. Berak bazekien eskaintza horrek zer nolako kaltea ekarriko zion. Pentsa, ‘La Voz de Galicia’ egunkariak esan zuen ETAren aldeko ereserki bat abestu zuela. Gero, gainera, ‘La isla de los faisanes’ pelikula grabatzen ari zela, elkartu egin ginen hemen Irunen eta Eskina tabernara eraman nuen, bertan grabatu zelako ‘Sarri sarri’ abestiaren bideoklipa. Bada, argazki bat atera genuen eta sareetan zabaldu. Soufflea berriz ere harrotu egin zen, beti hor dabil gora eta behera. Beno, bada berriz ere jaisten ari zela, Villalibreren elektrotxaranga atera zen Athleticen garaipena ospatzera eta hainbat aldiz ‘Sarri sarri’ jo zuten. Soufflea gora berriz ere. 2016an, euskal talde guztietako jokalariak jarri zituzten abesti hau dantzatzen ETBn eta sekulako kalapita sortu bazen, orain gehiago.

Hortaz, honek guztiak bultzatu nau kontzertuaren iragarpena aurreratzeara. Aurreko astean Bordele inguruan nintzen migranteei sostengua ematen dieten hainbat elkarterekin konpromisoa hartuta nuelako ‘Bidasoa 2018-2023’ dokumentala aurkezteko. Bada, bideo horiek iritsi zitzaizkidan eta baita horren inguruko erreakzioak ere, eta horregatik, apirilaren 20arekin, kontzertu honen berri ematea erabaki dut. Gainera, oraindik berari ez diot zuzenean esan eta tarte hau baliatu nahi dut gonbidapen bat luzatzeko. Huntzaren kontzertuan badakizu noren ondoan nintzen, Asier Villalibre nuen ondoan bere elektro-txarangako kide batekin. Hortaz, abenduaren 20an Asier Villalibre gonbidatzen dut kontzertu horretara etorri eta ‘Sarri sarri’ gurekin batera tronpetarekin jotzera. Nik uste oso polita izango dela, ea libre daukan eguna.

Asier Villalibre gonbidatzen dut kontzertu horretara etorri eta ‘Sarri sarri’ gurekin batera tronpetarekin jotzera. Nik uste oso polita izango dela, ea libre daukan eguna.

Zentsuraren inguruan hitz eginda, ekarri nahi dut gogora 2016an 12 urteko zentsura eta gero izan zela zure Madrilgo lehen emanaldia, Zaragozan 2003an Alberto Bellochek kontzertu bat ezeztatu zizula… 2003an, Madrilen, Premiso de la música sarien banaketan izan zenituen hitzek eragin zuten horretan?

Auskalo zenbat aldiz entzun dudan hitzartze hori eta azal-pikorra jartzen zait oraindik ere.

Nola gogoratzen duzu momentu hura?

Imajina ezazu ondoan neukala Martxelo Otamendi eta saria hari eskaini nahi nion eta esan nahi nuen bera bertan zegoela. Amaia Zubiria, Benito Lertxundi eta hirurok ginen izendatuta eta hirurok erabaki genuen ‘Egunkaria’-ri eskaini behar geniola. Amorru handiz igo nintzen oholtzara. Martxelo ondoan neukan eserita, torturatua izan zen, akituta zegoen. Sariak sekulako pisua zeukan eta jendea txistuka hasi zen, nire speech-a botako nuela argi neukan, eta norbait eszenatokira etortzen bazen modu oldarkorrean saria muturrean probatuko zuela ere bai. Sekulako tentsioan nintzen, adrenalina guztia goian nuela, saiatu nintzen poliki hitz egiten nahiz eta urduri nengoen. Bada, banbalinetan sartu nintzen unea izan zen ederrena. Goxua etorri zen nigana, Su Ta Gar taldearekin lanean aritzen zena, eta ni itsututa nintzen erasoko nindutenaren beldurrez. Baina zoriondu ninduen eta beste bost langilek ere zoriondu ninduten eta aupatu une zail horretan. Hor nire buruari esan nion, «hau bai dela langile klasea eta ez hor kanpoan txistuka ari zirenak». Gero prentsaurrekora eraman ninduten eta hori beste desastre bat izan zen. Sariketen ostean Laboratorio gune okupatura joateko konpromisoa hartuta neukan, hustutzeko arriskuaren aurrean erresistentzia lanetan ari zirelako, eta bertara Martxelo Otamendirekin joan nintzen. Nire kantuak joz hasi ziren bertan eta kontzertu inprobisatu bat eman genuen, Martxelori hitza hartzeko gonbita luzatu nion… Beste Madril hori, erresistentea, ezagutu zuen hartan Martxelok. Egun oso gogorra izan zen.

Eta ordutik gaurdaino halako gehiago ere izan dituzu.

Eta aurretik ere bai! Kortaturekin Madrilen bertan behera utzi zuten kontzertu bat TDK eta Comando 9 milimetrosekin egin behar genuena. Malasañan «guerrilla urbana» deiturikoa antolatu zen eta gau guztian sekulako gorabeherak izan ziren. Gerora ezagutu zen Euskal Herrian zer zen kale borrokare kontzeptua. Poliziarekin aurrez aurre aritu zen Madrilgo erresistentzia gure kontzertua bertan behera uzteagatik. Hori Kortaturen garaian. 1985eko Moskuko jaietan eman genuen lehen kontzertu hartan, batzuk oholtzara igo ziren eta Espainiako bandera erre zuten. Bada, ‘El Alcazar’ egunkariraino iritsi zen albiste hura, pentsa. Negu Gorriaken ibilbidea hasi eta buka horrela izan zen, 1996an esan genuen elkartuko ginela prozesu judiziala irabazten genuenean eta 2001eko otsailean elkartu ginen ospatzera. Manu Chaorekin ere jasan nituen halakoak. Berarekin aritzea ez zen Euskal Herriko talde batekin joatea, nazioarteko ospea eta miresmena zuen artista batekin zen bira. 2003an izan zen bira hori eta kontzertuak erortzen hasi ziren, Vigon 20.000 pertsonako kontzertua, Madrilen 15.000 eta Iruñean 10.000 pertsonen aurrean aritu ostean. Gogoan dut Fernando Leon de Aranoa zinemagilea etorri zela Madrilgoa eman eta gero eta esan zigula ezeztatzeak hasiko zirela. Gerraren kontrako bozgorailua ginen, Nunca Mais plataformarena ere bai eta ‘Egunkaria’-ren itxieraren kontrako oihua ere bazen gure kontzertuak. Esan zigun sekulako kontzertua zela, baina zaila ikusten zuela horrekin jarraitzeko aukerarik izatea. Bada, asmatu zuen. Rubin, Herrialde Katalanetan lortu genuen azkenekoa egitea eta nire birarekin abiatu nintzen gero, Artozkin. Itoizko urtegia bete aurretik egindako azkenetako ekintza izan zen, Guardia Zibilak herria hustu zuen arte. Hortik aurrera kontzertuak bertan behera etorri ziren, gaur egun arte.

Itoizko urtegia bete aurretik egindako azkenetako ekintza izan zen, Guardia Zibilak herria hustu zuen arte. Hortik aurrera kontzertuak bertan behera etorri ziren, gaur egun arte.

Zaragozan bertan, Izarori txalo egin diote aurten euskaldunen hizkuntz eskubideak defendatu dituenean MIN Sarien galan. Aldaketa ematen ari da?

Bidaia luzea dugu aurretik, gauza asko aldatu beharrean dago oraindik. Nik ere jaso izan ditut sari eta errekonozimenduak, Herrialde Katalanetan edota Madrilen. Madrilen, esaterako, Albert Pla eta Raul Refreerekin ‘Guerra’ espektakulua egin genuenean 15 egunez aretoa bete genuen. Manuela Carmenaren garaia zen, hori ere esan beharra dago. Baina Tirso de Molinan, gure zonaldea den horretan, hamabost egunez aritzea, bada zerbait. Ikusi berriz ere nola dagoen orain guztia, ‘Altsasu’ antzezlana egitearren manifestazio faxistak jasan behar izan dituzte Madrilen bertan. Baina zer da hori? Bi aldeak ezagutu ditugu, erresistenteak eta faxistak, eta orain, faxismoa oso errotuta dagoela esango nuke.

Abenduaren 20ko kontzertua esan daiteke zentsura horren guztiaren kontra beti aurrera egin duzula erakusteko modu bat gehiago dela?

Bai, noski eta hori ere jarri dugu mahai gainean, jazarpen baten istorioa da nirea eta hala ere hemen nago, biziraun dut. Kontuan hartu behar dugu bidean zenbat jende geratu den ere. Iñigo anaiak oholtzan egon beharko zukeen, beti oholtzara etortzen zelako kolaboratzera eta ez da egongo. Era berean Amaia Apaolaza. Nire managerra izan zen 20 urtez eta nirekin egon zen azken bira horretan ere. Gogoratzen dut Sidneyra kontzertua ematera joan ginen batean, erditzeko gelan zela, deika nuela esateko elkarrizketa bat neukala eta gogorarazteko. Pentsa nolako emakumea zen hura eta zer zen niretzat. Handik hiru urtera, 2016an, utzi gintuen. Hortaz, bera gabe ere banago. Egia da Maukako jendea, Mikel Lizarribar, Jone Unanua… ondoan ditudala eta eskertuta nagoela, baina hor dago niretzat irudi hori. ‘Euskal Herria Jamaika Clash’ aurkezteko egin genuen BECeko kontzertu erraldoi hartan hor zegoen lanean, 18/98 makrosumarioko epaituen alde. Hortaz, Miribillako hau antolatzeko bere saltsan egongo zen bertan, eta ez dago. Eta, inguruan hil zaidan azkena Carlos Undergroove izan da. Azken 20 urteetan nire diseinatzailea izan da eta gerora Euskal Herriko beste hainbat proiekturekin ere egin du lan; Rat-Zinger, Revolutionari Brothers… eta abarrekin. Bada, iaz, Goya sarien ostean, ictus batek eraman zuen. Lau hamarkadaz saiatu dira ni isilarazten, kriminalizatzen, etengabe zama hori nire gainean jarriz. Nire inguruan hurbiltzen den oro ere zigortuz, beldurra sortuz. Bada, hemen gaude, Bilboko Miribillara goaz eta aurrera jarraituko dugu, bizipozez guztia aldarrikatzen.

Zein formaziorekin igoko zara oholtzara?

Bada, azken urte guztietan inguruan izan ditudan musikariekin kontatuko dut, haiek ere nirekin batera pairatu dutelako kriminalizazio hori guztia. Haize sekzioan Jon Elizaldi ‘Jontron’ izango da tronboiarekin, Igor Ruiz ‘Fino’ saxoarekin eta Aritz ‘Lonbi’ tronpetarekin; Mikel Txopeitia bateria jotzen, Victor Navarrete baxu-jotzaile kubatarra, Xabi Solano trikiarekin, Gerard Casajus ‘Chalart58’ perkusioan, Mata koroetan eta, sorpresa moduan-edo, gitarra-jotzaile moduan eta koroetan Lide Hernando izango dugu ondoan. Gitarra erritmikoa ongi joko duen norbait nahi nuen, ez birtuoso bat, eta bera aparta da horretan eta abesten. Bere proiektua, Bele, aurrera daraman bitartean, tartea hartu du guretzako ere. Beraz, hamar pertsona oholtzan. Kortaturen kantuak, Negu Gorriaken kantuak, nire ibilbide guztiko kantuak… bi orduko errepertorioa osatuko dugu «Hemen gaude» esateko.

Esan daiteke «Geurea da garaipena»-ko garaiko izpirituak hartuko duela Miribilla?

Niretzat bai. Entseatzeko prestatzen nabilen honetan, errepertorioa osatzen, musikariekin elkartzen hasten… Bada haiei esaten diet geurea dela garaipena eta hemen gaudela. Jendearen sostengua dugula hau aurrera eramateko. Valentziakoa, Itziarrena eta hori guztia gertatu eta gero, kulturgileok deitutako Palestinaren aldeko manifestaziora joan nintzenean, jende pila batek animoak eman zizkidan. Eta hori oso garrantzitsua da niretzat, jendeak ikustea ez duela inoiz amore ematen, askotan akituta sentitzen garen arren. Hortaz, kontzertuarekin ospatuko dugu, geurea da garaipena.