Gotzon ARANBURU
HANBURGO

Hanburgoko Triennala

‘Triennale der Photographie’ jaialdia munduko argazkigintza abangoardistena ikusteko aukera paregabea da, baina baita klasikoa eta espezializatua ere. Hiru urtero ospatzen da eta edizio bakoitzero pertsona bat izaten da Triennaleko protagonista: aurten Phillip Toledano da, berarentzako gorde baitute oso osorik Deichtorhallen Hamburg / Haus der Photographie eraikin erraldoia, argazkilariak azken urteetako lana luze eta zabal erakuts dezan.

Hanburgoko Triennala. (Gotzon Aranburu)
Hanburgoko Triennala. (Gotzon Aranburu)

1968an jaio zen Toledano Londresen. Ama frantziar-marokoarra du eta aita estatubatuarra. 2001ean osatu zuen bere lehenengo argazki saila, ‘Bankrupt’ izenekoa, krisi ekonomikoaren ondorioz New Yorken hutsik geratutako bulegoetan hartutako irudiekin. Askotan ezkutuan egin zuen lan, erdi ilunpetan, eta kamera analogikoarekin.

‘Days with my father’ saila zirraragarria da. Egungo argazkigintzan indarra hartu duen joera da oso gertuko duzun baten bizitza dokumentatzea; Toledanoren kasuan, aitari egin zizkion argazkiak, heriotzaren aurreko hiru urteetan barrena. Burutik egiten ari zen gainera Edward Toledano, eta horrek are zailagoa egiten zuen lana errespetuzkoa eta kalitatezkoa izatea, baina Phillipek era ezin hobean gainditu du erronka.

Irrifarrea eta zer pentsatua ematen duen saila da ‘Phonesex’, 2008an hasitako proiektua. Telefono bidezko sexua eskaintzen duten profesionalen irudiez osatua da, eta gehienok buruan izango genukeenaren aldean oso bestelako pertsonak direla erakusten digu Toledanok. Nolabait esateko, ez dira porno izarrak, ahotsa eta imaginazioa lan-tresna duten langileak baizik.

Irrifarre gutxi, auzo tristura bai, sortarazten dute zirugia estetikoaren «adiktoei» eskainitako saileko erretratuek. Gai honekin lotuta, bere etorkizuneko itxura imaginatzeari ere ekin dio argazkilariak: nolako aurpegia eta gorputza izango ote ditut hamar urte barru? Eta hogei barru? Galdera hauei erantzun die, eta bere buruarekiko errukirik gabe erantzun ere, Toledanok erakusketaren azken atalean. Makillajearen bidez, Toledano zahartu eta gaiztotu bat eskaintzen digu, bai argazki bidez eta bai bideoz ere.



Hogei galeria eta erakustoki baino gehiago hartzen ditu Triennalek Hanburgo barrena. Horietako batzuk urte osoan daude argazkilaritzari eskainiak, beste batzuk eraikin ofizialak dira, lokal alternatiboak, arte galeriak… Gehienetan sarrera ordaindu behar den arren, bisitarien joan etorria etengabea da. Joan den ekainean hasi zen aurtengo ekitaldia, eta irailaren bukaera arte iraungo du. 

Deichtorhallen Hamburg-etik Kunstverein-era goaz, egun bideoa argazkiarekin gero eta gehiago lotzen ari dela azalduko digun erakusketaz gozatzea. Gaia, Bigarren Mundu Gerraren ondoren Polonian egindako metalezko hainbat estatua. Estatua horiek naziei kendutako armak eta munizioak urtuta egin zituzten, eta neurri handikoak dira. Hau da, oso pisuak. Bada Poloniako halterofilia selekzioko kideak jarri zituzten estatua horiek mugitzen, eta emaitza bideoan grabatu eta zuri beltzeko argazkietan hartu zuten artistek. Bi espresio bide gertaera ‘artistiko’ bera islatzeko.



Freelens galerian Dougie Wallace britainiarraren lana topatu dugu, benetan bitxia hau ere.  Baimena eskatuta aritu ote da gizon hau? galdetzen diogu geure buruari. Izan ere, erakusketaren zati bat, Blackpooleko kostaldean kokatua, toki horretan ugariak diren ezkongaien agurreko festei eskainita dago, eta zerbaitegatik jarri dio ‘Wild’ titulua Wallacek. Izan ere, ironiaz betetako argazki hauetan alkoholaren eraginez inhibizio guztiak alde batera utzitako gizon eta emakumeak azaltzen dira. Azkar esanda, kristoren moskorra harrapatuta eta kalean barrena erdi bilutsik atzeman ditu Wallacek. Inork ez du kamararengandik ezkutatzeko imintziorik egiten… ez behintzat momentu horretan. Gero damutu edo ez, eskertu behar zaie egungo Britainia Handiko gizartearen aurpegi hori  ikusten utzi izana.

Esan bezala, zer ikusi askoz gehiago dago Triennalen, esate baterako ‘Esperantza’ erakusketa, inmigrazioa, nortasunaren bilaketa, krisi ekonomikoaren eragina… islatzen dituena munduan barrena hartutako irudiekin, Nan Goldin edo Adrian Paciren mailako argazkilarien eskutik. Edo orain nonahi aberastasuna eta boterea erakusten duen Hanburgo hau duela hamarkada batzuk nolakoa zen azaltzen duena. Inondik ere, gozamena begientzat.