NAIZ

Elkartasuna agertu die EH Bilduk epaituak izango diren 24 preso politiko sahararrei

Saharako 24 preso politiko epaituko dituzte astelehen honetan, Gdeim Izik «Askatasunaren kanpamentua» delako auziaren baitan. Hori horrela, elkartasuna agertu nahi izan die EH Bilduk.

Gdeim Izik «Askatasunaren kanpamentua» delako auziagatik 24 preso politiko saharar epaituak izango dira astelehen honetan, joan den abenduaren 26an egitekoa zen epaiketa bertan behera geratu ostean. Zigor eskaeren artean, biziarteko espetxe zigor eskaerei aurre egin behar dietenak ere badira.

Hala, EH Bilduk gogoratu du atxilotuek torturak salatu zituztela 2010. urtean, «Saharako herritarren giza eskubidean bermatzeagatik». Auzi honen baitan da Hassana Aalia ere, nahiz Estatu espainiarrak asilo eskubidea aitortu berri dion.

«Atxilotuak, haien defentsak eta giza eskubideen aldeko erakundeak beldur dira berriro ere ez ote dituzten zigortuko. Izan ere, aurreko epaiketan irregulartasun handiak izan zirela egiaztatu zuten bertaratutako nazioarteko eragileek», azpimarratu du koalizio independentistak.

Horregatik, elkartasuna adierazi nahi izan die auzipetuei, «bere herriaren autodeterminazio eskubidea eta independentzia aldarrikatzen duten preso politikoei». Halaber, Saharako herriaren eta herritarren giza eskubideak «sistematikoki» urratzen dituen Marokoren jarrera ere salatu du.

Epaiketarekin bat eginez, Marokok Bilbon daukan kontsulatuaren aurrean manifestazioa egingo da bihar, ELA, LAB, STEE-EILAS eta ESK sindikatuek deituta 11.30ean.