Inkomunikazioan jasandako tratu txarren berri eman dute gaur deklaratu duten gazteek

Hernani eta Urnietako hamar gazteren aurkako epaiketak bigarren eguna izan du gaur Auzitegi Nazional espainolean. Atzo deklaratu ez zuten bost auzipetuen txanda izan da eta guztiek tratu txarrak salatu dituzte. Segikoak ez direla ere esan dute.

Alberto Pradilla|MADRIL|2012/09/19 15:10|0 iruzkin
20120918_epaiketa_gazteak
Auzipetuak, epaiketa hasi aurretik. (POOL/EFE)

Hernani eta Urnietako hamar gazteren aurkako epaiketan atzo deklaratu ez zuten bost auzipetuen txanda izan da gaur. Bostek jasandako tratu txarra salatu dute eta kolpe eta mehatxuak atxilotu zituzten unean hasi zirela esan dute. Donostiako komisarian areagotu egin ziren eta behin Madrilen, Poliziaren aurrean deklarazioa egin ostean, egoera lasaitu egiten zen.

Aitzol Arrieta izan da deklaratzen lehena eta Donostiako komisaldegira eraman orduko hasi zirela torturak salatu du. Aurpegian eta lepoan jotzen ziotela kontatu du, «eta entzun nahi zutena erantzuten ez banuen, gogorrago jotzen ninduten». Tratu txarrak forentseari kontatu zizkion lehen unetik, baina poliziei «entzun nahi zutena» esan zien arte ez zuten lasai utzi. Epaileren aurren ukatu egin zuen polizien aurrean sinatutakoa, baina ez zituen tratu txarrak salatu «nekatuegia» zegoelako. Garzonen aurrean Segikoa zenik ukatu zuela gogoratu du.

Fiskaltzak 2008ko urriaren 25ean Hernanin izan ziren istiluetan parte hartzea leporatzen dio Arrietari, baina gertatu zirenean gaztea Oñatin zegoen, saskibaloi partida bat jokatzen, defentsak akta batekin frogatu duenez.

Mikel Garciak ere ukatu egin du Segikoa denik. Donostian poltsa egin ziotela eta konortea galdu zuela adierazi du eta mehatxuek behartuta deklaratu zuela. Ospitalera eraman behar izan zuten.

Ekhi Oñatek ere uko egin dio komisaldegian egindako deklarazioari. Auzitegiko medikuari ezer esan ez bazion, ate-atzean poliziak entzuten ari zirelako izan zela esan du. Negarrari eutsi ezinda amaitu du Oñatek, «ama ospitalean zegoela esan zidaten, bizitza izorratu niola. Une hartan edozein gauza deklaratuko nuela esan nien».

Egoitz Balerdik isekak eta humiliazioak aipatu ditu eta epailearen aurrean ez zuela tratu txarren berri eman «txikitua» zegoelako.Txikitan izan zuen istripu bat tarteko «isekak eta humiliazioak» jasan zituela gogora ekarri du. Donostiako epaitegian salaketa jarri zuen, torturagatik.

Asier Olano izan da azkena hitza hartzen eta beste lauren antzera mehatxuak, kolpeak eta presioak kontatu ditu, eta poliziaren aurrean sinatu beharreko deklarazioa buruz ikasarazi ziotela.

Lehenengo saioan, Txaber Zabaletak, Jon Ezeizak, Antton Zabalak, Ekaitz Telleriak eta Iñigo Alzelaik beren abokatuen galderei erantzun zieten. Guztiek ukatu egin zuten Segikoak direnik eta kale erasoetan parte hartu dutenik.

Ezeizak eta Alzelaik, gainera, Poliziaren esku inkomunikatuta egon ziren bitartean jasan zituzten tratu txarren berri eman zuten. Komisarian egindako deklarazioak presio eta mehatxupean egin zituztela esan zuten.

Bihar, peritu eta lekukoak

Epaiketak bihar jarraituko du, lekuko eta perituen testigantzekin. 11.00etarako finkatu dute hasiera ordua, baina Auzitegi Nazionaleko Penaleko Aretoak Estrasburgoko Epaitegiak ‘Parot  doktrinari’ buruz kaleratutako ebazpena aztertu behar duenez gero, baliteke gazteen aurkako saioa atzeratzea.

Fislkaltzak bederatzi eta zazpi urteko espetxe zigorrak eskatzen ditu gazte hauentzat.