NAIZ.INFO
DONOSTIA

BEZaren igoeraren ondorioz inflazioak gorakada nabarmena izan du Hego Euskal Herrian

Prezioak nabarmen garestitu dira irailean BEZaren igoeraren ondorioz eta urte arteko inflazioak ere gorakada handia izan du. Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan %3tik gorakoa da eta azken horretan %3,6ra iritsi da.

Irailaren 1ean indarrean sartu zen BEZaren igoerak eragin nabarmena izan du Kontsumorako Prezioen Indizean (KPI). INE estatistika institutu espainiarrak emandako datuen arabera, prezioek gora egin dute Hego Euskal Herrian aurreko hilabetearekin alderatuta, eta urte arteko inflazioa ere nabarmen hazi da.

Herrialdeka, Gipuzkoan garestitu dira gehien prezioak irailean, %1,3 abuztutik. Bizkaian %1 hazi dira; Nafarroan, %0,9; eta Araban, %0,8.

Azken urteari erreparatuta, ordea, lau herrialdeetan zortzi hamarren igo da inflazioa. Nafarroan %3,6ra iritsi da; Bizkaian, %3,3ra; Gipuzkoan, %3,1era eta, Araban, %2,9ra.

INEren arabera, irailean gehien garestitu diren produktuak arropa eta oinetakoak izan dira.