Naiz.info
Bilbo

Zazpi guneetan banatuta, 300 ekintza baino gehiago izango dira Durangoko Azokan

Durangoko Disko eta Liburu Azokak 300 ekintza baino gehiago izango ditu aurtengo egitarauaren baitan, zazpi eremu ezberdinetan banatuta.

Durangoko Azokarako elkarlanean aritu diren elkarteetako ordezkariak, Bilboko aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Durangoko Azokarako elkarlanean aritu diren elkarteetako ordezkariak, Bilboko aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Durangoko Disko eta Liburu Azokako arduradunek Bilbon aurkeztu dute hurrengo edizioko (abenduaren 6tik 9ra) egitaraua. Diziplina eta ekimen ezberdinetara bideratutako zazpi gune izango ditu aurten euskal kulturaren bilguneak (Areto Nagusia, Saguganbara, Ahotsenea, Irudienea, Plateruena, K@bia, Szenatokia eta Azoka TV).

Aurkezpenean Gerediaga Elkarteko Nerea Mujika presidentearekin batera Aiert Goenaga Azokako zuzendariak azaldu du aurten «inoizko egitaraurik zabalena lortu dela» elkarte eta talde ezberdinen arteko elkarlanari esker.

Aurten lehen aldiz esku hartu dute Berbaro Elkarteak, San Agustin Kultur Guneak, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak, Ahotseneak, Topaguneak, Plateruena Kafe Antzokiak eta Goiena Komunikazio Taldeak koordinazio batzarrean.

Areto Nagusia, Landako Gunearen barruan, Azokako aurkezpenen «bihotza» izango dela nabarmendu dute (sarrera hitzaldia ere bertan izango da).

Orain arte Haur Literatura Areto bezala ezagutzen zena Saguganbara bihurtu da, eta Landako ondoko Elkartegian izango du egoitza.

Ahotseneak sorkuntzaren gune izaten jarraituko du, aurreko edizioetan bezala, eta lau egunez, goizetik gauera etenik gabe, 88 zuzeneko emanaldi eskainiko ditu.

Irudienea, bere aldetik, ikus-entzunezko sorkuntzen atari izango da.

Plateruena Kafe Antzokia sortzaile eta bisitarien arteko elkargune izan da azken urteetan, eta aurtengoan ere bere izaerari eutsiko dio. Durangoko Azokaren irekiera ofiziosoa ere ‘Platerotik’ egingo da, azaroan 30ean, lehenengo kontzertuekin.

Teknologiak, sorkuntzak, kulturak eta edukien kontsumoan joera berriek erakustokia eta hausnar egiteko lekua dute K@bian, eta Szenatokia arte eszenikoen gune izango da San Agustinen.

Azoka TV, azkenik, apurka-apurka errotzen doan egitasmoa da. Hurrengo edizioan, Durangokoazoka.com webgunetik jarraitu ahal izango dira emisioak streaming bidez, eta Azokan bertan pantaila erraldoiak ipiniko dira hura jarraitu ahal izateko.