Arantxa MANTEROLA
Baiona

Euskal Herrian sendotu behar dela konponbidea ondorioztatu dute Baionako Bakearen Forumean

Baionako Forumeko mahaian parte hartu duten eragileek mezu bat utzi dute lehen saioaren amaieran: Euskal Herrian hedatu eta sendotu behar de prozesua, hori baita lanabesik onena blokeo egoerak gainditzeko eta egun bake prozesuarekin bat egiten ez dutenak prozesura erakartzeko.

Izagirre, Currin eta Rios Baionako Forumean. (Gaizka IROZ)
Izagirre, Currin eta Rios Baionako Forumean. (Gaizka IROZ)

Abian da dagoeneko Baionako Bakearen Foruma. Aretoa guztiz beterik egon da hasiera ekitaldian eta Fakultateko buruak eta Lokarrik Aurore Martin gogoan izan dute beren agurretan. Izan ere, Foroaren antolaketan baizebilen Martin atxilotu zutenean.

Jarraian Jean-Pierre Massias unibertsitateko irakasleak hartu du hitza eta Aieteko Konferentzairen garrantzia nabarmendu du. Horrekin batera, euskal gatazkaren nondik norakoak azaldu ditu eta arazo «oso konplexua» dela nabarmendu du, besteren artean hiru lurralde eta bi estatuetan ematen delako eta baita ere «traumatikoa» delako eta «Franco onodorengo politika espainolaren elementu estrukturala» bilakatu delako.

Ildo horretan, bakea ez dela biolentziaren amaiera «bizikidetzaren berreraikuntza» baizik azpimarratu du eta gertatukoari buruz  «amnesia kolektiboa» ematea ekidin behar dela nabrmendu du. «Negoziazioa eta guztion engaiamendua» ezinbestoak direla gaineratu du Massias-ek.

Lehen mahai inguruan Brian Currinek, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, Paul Rios Lokarriko kideak eta Kotte Ezenarro eta Jean-Rene Etchegaray Ipar Euskal Herriko ordezkari politikoek parte hartu dute.

Currinek aitortu duenez, Aieteko Adierazpenaren ondotik gaur egun «beste fase batean» egongo ginela espero zuen. Estatuek ezarritako blokeoaz mintzatu da.

«ETA prest da armak uzteko, baina nola egin hori estatuek ez badute parte-hartzen? Zer egiten da armekin? Espaloi baten gainean utziko dituzte? Desarme bera gauzatzeak bi estatuen atxikimendua eskatzen du», adierazi du Currinek.

Horrenbestez, Espainiak eta Frantziak erantzun egokirik eman ez izana ez duela ulertzen esan du abokatu hegoafrikarrak.

Aieteko Adierazpenaren ondotik beste fase horretan egongo ginela espero zuen arren, Adierazpenak Euskal Herrian prozesuari jarraitzea ahalbidetzen duela baieztatu du.

«Ez dut esan nahi bakea bi estatuak kontuan hartu gabe egin ahal dela, baina zain egon gabe, badira gauzak egiteko. Euskal Herrian landu ahal da bakearen bide hori, eta  azpimarratu nahi dut: zuek aurreratzen baduzue bidea, estatuak etorriko dira’, azaldu du Currinek.

Ondorio horretara iritsi dira bertan parte hartu dutenek: Euskal Herrian hedatu eta sendotu behar de prozesua, blokeo egoerak gainditzeko eta egun bake prozesuarekin bat egiten ez dutenak prozesura erakartzeko.

Hiru mahai-inguru

11.00etako lehen mahai-inguruaren ostean, bazkaltzeko etena egin, eta 14.30etik goiti beste bi debate izango dira. Bake prozesuetako aditu hainbat eta politikariak izango dira bertan, besteren artean, Brian Currin eta Ray Kendall Nazioarteko Harreman Taldeko kideak, Pierre Hazan Parisko Zientzia Fakultateko irakaslea, Andy Carl (Conciliation Resources) eta Hans-Joachim Giessmann (Fondation Berghof).

Baionako Fakultateko foroan parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Itzulpen zerbitzua eskainiko dute frantsesera eta euskarara. Programa eta zehaztasun guztiak honako helbidean daude ikusgai: www.bakebidea.com.

Mahai-inguruak ere ondorengo helbidean jarrai daitezke zuzenean: http://www.livestream.com/bakebideabaionaeuskaraz

Eragile andana

Herri mugimenduko hogeita hamabost bat elkarte eta erakundek babestuko dute beren kideen presentziarekin Bake Bideak, Lokarrik eta Baionako Fakultateak gaur antolatu duten Bakearen aldeko Foroa. Horien artean daude Amnesty International, Gurutze Gorria, Giza Eskubideen Liga, Seaska, Lurrama, EHZ, Etxerat, Anaia-Artea, Euskal Konfederazioa, ELB, Cimade, Batera, Bizi!, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa edota CFDT, ELB, LAB, Solidaires eta SAF sindikatuak.

Abertzaleetatik hasi eta UMPraino, joera politiko guztietako hautetsi eta ordezkariek ere beren parte hartzea iragarri dute, hala nola Colette Capdevielle eta Sylviane Alaux PSko diputatuek, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Foru Aldundi bereko Giza-Eskubideen Batzordeko zuzendariak, Laura Mintegi EH Bilduko parlamentariak eta Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluko eta Garapen Kontseiluko ordezkariek eta kontseilari nagusi, auzapez eta zinegotzi andanak.

Agenda arazoak direla medio bertan izango ez diren hainbat pertsona eta politikarik gaiarekiko duten interesa agertu ostean, jarraipena egingo diotela agindu dute, besteren artean, Didier Borotra Biarritzeko auzapezak, Andre Chassaigne diputatu komunistak, Olivier Dartigolles PCko bozeramaileak, Alain Lamassoure eurodiputatuak, Jean Lassalle diputatuak edota Jean-Louis Nembrini Bordeleko Akademiako errektoreak.