NAIZ.INFO
BILBO

Pello Salaburuk esan duenez, ez zekien bi deportatu EHUn matrikulatuta zeudenik

Pello Salaburu EHUko errektore ohiak esan du bera unibertsitateko buru izan zen bitartean ez zekieka bi deportatu ikasketak egiten ari zirenik. Xabier Aierdi eta Enrique Antolinen jarrera berbera izango lukeela adierazi du, eta «behartuta» zeudela eskolak ematera. Iñaki Goirizelaia egungo errektoreak ere ildo beretik hitz egin du.

Enrique Antolin eta Xabier Aierdi, epaiketa aretoan. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Enrique Antolin eta Xabier Aierdi, epaiketa aretoan. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Pello Salaburu EHUko errektore ohiak lekuko gisa deklaratu du Bilboko Lehenengo Zigor Aretoan, Xabier Aierdi eta Enrique Antolin EHUko irakasleen aurka atzo hasi zen epaiketan.

Salaburuk esan duenez, bera errektore izan zen bitartean ez zekien Belen Gonzalez eta Angel Lete deportatuak unibertsitatean ikasketak egiten ari zirenik. Aierdiren eta Antolinek ikasleen matrikulazioaren ardura ez zutela gogora ekarri du eta behin ikasle bat matrikulatu ondoren «behartuta» zeudela eskolak ematera eta azterketak egitera.

Gaurko saioan Imanol Zubero Soziologia irakasleak ere deklaratu du lekuko gisa. Bi auzipetuen «ETAren aurkako militantzia» nabarmendu du. Azaldu duenez, bai berak baita Aierdik zein Antolinek eskolak eman behar izan zizkieten matrikulatu guztiei, «ikasle berezien» protokoloan zeudenak barne.

Iñaki Goirizelaia egungo unibertsitateko errektoreak ere lekuko gisa jardun du eta bi irakasleek Angel Leteren eta Belen Gonzalezi eskolak emateko betebeharra zutela nabarmendu du. Matrikulen kudeaketa kontu administratiboa dela esan du, Gobernu Kontseiluan onartzen den araudi akademikoaren baitan dagoena, eta ez irakasleen auzia.

Jose Manuel Castells EHUko Zuzenbide Administratiboan katedradunak, berriz, edozein ikaslek arrazoi ideologikoengatik diskriminatua izan gabe formakuntza jasotzeko eskubidea duela defendatu du.