Naiz.info
Hendaia

Hendaiako ikastola diruz laguntzeko erabakia legez kanpokoa dela deritzo prefetak

Hendaiako Herriko Etxeak Gure Ikastolaren bigarren eraikina diruz laguntzea erabaki zuen, baina delibero hori legez kanpokoa dela iritzi dio orain prefetak. Seaskak kezka agertu du.

Gure Ikastolako haur eta gurasoek 2009an Hendaiako Herriko Etxean egin zuten protesta baten irudia. (Bob EDME)
Gure Ikastolako haur eta gurasoek 2009an Hendaiako Herriko Etxean egin zuten protesta baten irudia. (Bob EDME)

Hendaiako Gure Ikastolaren eraikin berria diruz laguntzeko asmoa agertu zuen Herriko Etxeak pasa den urtarrilean. Horren harira, suprefetak gutun bat igorri zuen, Udalak hartutako erabakia debekatuaz. Erabaki hark salaketa eta mobilizazio ugari eragin zituen.

Egoera horretan, prefeta konponbide bat atzemateko prest agertu zen eta iragan apirilaren 23an Hendaiako herri kontseiluak, erabakiak erabaki, ikastola eraikitzea onartu zuen, hezkuntza zentro izenarekin.

Gaurkoan prefetaren erabakia heldu da eta Herriko Etxeak hartutako deliberoa legez kanpokoa dela esan du, Kazeta.info agerkari digitalak dioenez.

Seaskako Paxkal Indok berri honekin «kezka handia» sortu dela adierazi du, baina prefetaren hitzei buruzko zehaztasun guztiak izan arte ez dutela baieztapenik egin nahi adierazi du. Hala ere Hendiako ikastola egun txikiegia izanik hamarnaka haur egoera txarrean direla ohartarazi du.