NAIZ.INFO
BAIONA

PSren Baionako egoitza okupatu du Seaskak, ikastolentzako lege babesa galdegiteko

Ipar Euskal Herriko ikastolek bizi duten egoerari konponbide bat bilatu asmoz, Seaskako 30 bat irakasle eta gurasok PSren Baionako egoitza okupatu dute.

Seaskako guraso eta irakasleak, PSren Baionako egoitzaren atarian. (EUSKAL IRRATIAK)
Seaskako guraso eta irakasleak, PSren Baionako egoitzaren atarian. (EUSKAL IRRATIAK)

Ikastolen inbertsio publikoen afera konpondu arte PSren Baionako egoitzan egoteko asmoa agertu dute Seaskaren izenean eraikina okupatu dutenek, eta hortarako lo zaku eta guzti agertu dira.

Suprefetak ikastolen eraikinak diru publikoz laguntzea debekatzen duen Falloux legea hitzez hitz aplikatuko zuela esan ondoren, PSko ordezkariekin kontaktuan jarri zen Seaska eta hauek soluzioren bat aurkituko zutela agindu zieten.

«Baina orain astia fini da, hemen egonen gara konponbide bat atzeman arte», adierazi du Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak. «Gobernuari galdetzen diogu soluzioa. Hollandek lege bat hitz eman zuen hizkuntza gutxituentzat eta egun 40 urte atzera egiteko arriskua dago», nabarmendu du.

Okupatutako egoitzako langile batek Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle diputatuak eta Henri Etcheto kontseilari nagusi baionarra ohartarazi ditu okupazioaz. Momentuz ez da inolako istilurik egon eta poliziarik ere ez da agertu.

Hendaiako ikastolarekin jazotakoaren ondorioz, Ipar Euskal Herriko ikastola guztiak arrisku larrian daudela ohartarazi du Seaskak.

Azken hilabeteotan mobilizazio ugari izan da ikastolentzako babesa eskatzeko.