NAIZ.INFO
DONOSTIA

Hondarribiak irabazi du Kontxako bandera, epaileen erabakiz

Urdaibai azkarrena izan da, baina Hondarribiak helegitea jarri du bi traineruek elkar jo baitute bueltako luzean eta epaileek garaipena eman diete gipuzkoarrei.

Hondarribia garaipena ospatzen Urdaibaiko arraunlarien aurrean. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Hondarribia garaipena ospatzen Urdaibaiko arraunlarien aurrean. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

2013ko Kontxako banderaren irabazle ofiziala Hondarribia izatea erdietsi dute epaileek, uretan Urdaibai indartsuena izan den arren. Bermeotarrak kanporatuak izan dira Hondarribiako traineruaren arraunek elkar jo ondoren.

Bueltako luzean gertatu da estropada erabaki duen gertaera. Urdaibai aurretik joan da hasieratik baina Hondarribiak aurre hartu dio azken txanpan. Une horretan, Urdaibai eta Hondarribiaren arraunek elkar jo dute laugarren kalean, Hondarribiaren kalean hain zuzen ere. Epaileek ez dute ezer esan eta bermeotarrak lehenak iritsi dira helmugara. Segundu bat baino gutxiagora sailkatu da  Orio eta Hondarribia segundu batera. Sekulako ikuskizuna eskaini dute hiru traineruek. Kaikuk aldiz, huts egin du bueltaka luzean atzetik ikusi duenean bere burua.

Hasiera batean epaileek Urdaibairi eman diote garaipena, baina Hondarribiak helegitea jarri du. Epaileek ia ordubete behar izan dute erabakia hartzeko eta azkenean gipuzkoarrei eman diete garaipena. Argudiatu dutenez Kontxako banderan indarrean dagoen araudia Euskadiko Arraun Federazioarena da eta bertan traineru batek beste bat abordatzen badu, kanporatua izan behar du.

Urdaibaiko zale eta arraunlariek beren desadostasuna agertu dute eta arraunlarietako bat agintarien tokira igo da protestaka. Ika-mika egon den arren, ez da istilu larririk gertatu.

Beraz, azkenean Hondarribiak irabazi du Kontxako bandera eta Orio sailkatu da bigarren tokian. Kaiku hirugarrena izan da eta Portugalete laugarrena, Tiranek lehen txanda irabazi duen arren.