NAIZ.INFO
GASTEIZ

Urriaren 25a jaiegun izendatzen duen legea indargabetu du Gasteizko Legebiltzarrak

Urriaren 25a EAEn jaiegun izendatzen duen legea indargabetu du gaur Gasteizko Legebiltzarrak, EAJ eta EH Bilduren babesarekin. Juan Mari Aburto Enplegu sailburuak jakinarazi du data horren ordez uztailaren 25a lan egutegian jaiegun izan dadin proposamena jaso dutela, eta begi onez ikusten dutela.

Gasteizko Legebiltzarrean gaur egiten ari den osoko bilkuran, urriaren 25a jaiegun izendatzen duen legea bertan behera uztea onartu da. EAJko legebiltzarkideek eta EH Bilduko seik babestu dute ekimena. Koalizio abertzalearen gainerako hamabost kideak abstenitu egin dira.

PSE, PP eta UPyDk kontrako botoa eman dute.

Onartutako lege proposamenak nabarmendu du «kontraesankorra» dela urriaren 25eko jaieguna «adostasun minimorik gabe eta EAEko gehiengo sozialaren babesik gabe» ezartzeagatik.

Era berean, adierazten du «ulertzen zaila» dela 30 urte beranduago bete gabe jarraitzen duen Estatutu baten harira ospakizuna egitea.

Parlamentuko Segurtasun eta Justizia Batzordeak urriaren 29an onartu zuen lege hori indargabetzea, bi indar politiko horien botoekin.

PSE, PP eta UPyDk onartu zuten legea Patxi Lopez lehendakari izan zuen legealdian.

«Inposaketa»

EAJren bozeramale Joseba Egibarrek azpimarratu du urriaren 25eko jaieguna kenduta, «inposaketa» bati bukaera eman zaiola. Horrez gain, kritikatu du PP Estatutuaren babesle gisa agertzea, AP alderdiaren oinordeko denean, eta alderdi horrek aurka bozkatu zuenean.

PP eta PSOEri leporatu die urterik urte aipatu testuan jasotako eskumenen transferentzia ukatzea.

EH Bilduren izenean, Pello Urizarrek defendatu egin du abenduaren 3a, Euskararen Eguna, jaiegun izendatzeko koalizioak aurkeztu zuen proposamena.

Ekimenak ez du aurrera egin, baina Urizarrek nabarmendu du nazio eraikuntzaren aldekoak izan daitezkeela halakoak.

PSE, PP eta UPyDren ordezkariek urriaren 25a jaiegun izendatu zuen legearen indargabetzea deitoratu dute, eta ukatu egin dute inposaketa bat izan zenik.

Proposamena: uztailaren 25a

Juan Mari Aburto Enplegu sailburuak esan duenez, 2014ko lan egutegian urriaren 25a jaiegun gisa ageri den arren, Legebiltzarraren erabakiaren ondoren Lakuako Gobernuaren asmoa hori indargabetzea da, dekretu bidez eta 2013a bukatu baino lehen. Data horren ordez uztailaren 25a jaiegun izendatzeko propsamena jaso dute Gasteizko hainbat eragileren eskutik, eta proposamena begi onez ikusten duten arren, kontsulta egingo dute lan alorreko zenbait eragilerekin.