NAIZ
MOSKU

Hogei lagun hil dira Moskuko metroan izan den istripuan

Hogei pertsona hil dira eta 160 inguru zauritu Moskuko metroan tren bateko hiru bagoi bere errailetik irten ostean.

Larrialdi zerbitzuetako langileak jendea artatzen, istripuaren ondoren, (Mikhail JAPARIDZE/AFP)
Larrialdi zerbitzuetako langileak jendea artatzen, istripuaren ondoren, (Mikhail JAPARIDZE/AFP)

Moskuko metroko linea urdinean istripua izan da gaur goizean. Tren bateko hiru bagoi errailetik irten dira eta gutxienez hogei pertsona hil dira, Piotr Biriukov Moskuko Udaleko Larrialdietarako alkateordeak eman dituen azken datuen arabera. 161 lagun artatu behar izan dituzte eta horietatik 129 ospitaleratu egin dituzte. RIA-Novosti agentzia ofizialak zabaldu duenez, zaurituetako 42 larri daude.

Istripua Slavianski Bulvan eta Park Pobedy geltokien artean gertatu da, Moskuko mendebaldean. Larrialdietarako Ministerioaren arabera, tentsio elektrikoaren bapateko jaitsierak eragin du ezbeharra. Horrek seinaleztapen sisteman arazoa sortu du eta trena bapatean gelditu da, errailetik atereaz.

Slaviasnkiko geltokitik 350 pertsona baino gehiago aterarazi dituzte. 20 bat anbulantzia eta zortzi helikoptero mobilizatu dituzte larrialdi zerbitzuek.

Bagoietako bat oso kaltetuta geratu da, Polizia iturriek RIA Novosti agentziari adierazi diotenez.