NAIZ
Baiona

Frantses hutsezko bide seinaleak eskuan salatu dute Aitzinako gazteek polizia operazioa

Uztailaren 14ean frantses hutsez ziren bide seinaleak kenduz egin zuten aldarria berretsi dute Aitzinako gazteek atzoko polizia operazioari erantzunez. «Arrotz zaizkigun seinaleak lapurtuz Frantziako Estatuak erakusten digun mespretxua salatzen dugu», esan dute. Gazteriari «herriz herri ikur arrotzak kentzeko» deialdia egin die gazte antolakundeak.

Frantses hutsez idatzitako kartelak eskuan, aldarria berretsi dute dozenaka gaztek Baionan. (Sylvain SENCRISTO)
Frantses hutsez idatzitako kartelak eskuan, aldarria berretsi dute dozenaka gaztek Baionan. (Sylvain SENCRISTO)

Jendarmeek polizia operazioa egin zuten atzo Aitzinaren aurka, Alex Feldman atxilotu zuten eta gazte antolakundeak Baionan duen egoitza miatu. Frantziar polizia uztailaren 14ean gazteek ostu zituzten 100 bide seinaleren bila zebiltzala zabaldu zen berehala, eta ekimen haren inguruko ikerketak eragindako operazioa izan zela baieztatu zuen gerora Aitzinak. Gaur, frantses hutsez idatzitako bide seinaleak eskuan egin dute dozenaka gaztek agerraldia Baionan, uztaileko ekimeneko aldarria berretsiz: «Arrotz zaizkigun seinaleak lapurtuz Frantziako Estatuak erakusten digun mespretxua salatzen dugu».

Agerraldia amaituta bide seinaleak hartu eta Kontseilu Orokorraren egoitzara eman dituzte.