NAIZ

Joxe Arregiren espedientea aurkitu dute Madrilgo fundazio batean

Joxe Arregiren espedientea aurkitu eta haren kopia bat «eskuratzear» direla adierazi du Laura Pego abokatuak Argia astekarian eginiko elkarrizketa batean. Lakuako Gobernuaren ‘Tortura Ikerketa Proiektua (1960-2013)’ garatzen ari den lan taldean dihardu Pegok.

Bederatzi egun inkomunikatuta igaro ostean Carabanchelen hil zen Joxe Arregi pairatutako torturen ondorioz. (NAIZ)
Bederatzi egun inkomunikatuta igaro ostean Carabanchelen hil zen Joxe Arregi pairatutako torturen ondorioz. (NAIZ)

Laura Pego abokatuak Argia astekariari eskainitako elkarrizketa baten ondorioz jakin da berria. Lakuako Gobernuren Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzaren aginduz ‘Tortura Ikerketa proiektua (1960-2013)’ garatzen ari den lan taldean dihardu berak.

Ander Leon kazetariari erantzundakoaren arabera, Joxe Arregiren espedientea aurkitu dute aipatu lan taldeko kideek, Madrilgo fundazio batean, artxibaturik. Espedientearen kopia bat eskuratzear daudela adierazi du Pegok, eta azterketari «laster» ekingo diotela gaineratu du.

1981eko otsailaren 4an atxilotu zuen Polizia espainolak Joxe Arregi Madrilen, eta bederatzi egunez izan zuten inkomunikatuta. Otsailaren 13an hil zen Carabanchelgo espetxeko ospitalean, inkomunikazio aldian pairatutako torturen ondorioz.