NAIZ
MADRID

Ernaiko zazpi kide eta Iraitz Salegiren aurkako epaiketa bertan behera geratu da ekainaren 11 arte

Espainiar Entzutegi Nazionalean hasi da Ernai gazte antolakundeko zazpi kide eta topatu.info atariko Iraitz Salegi kazetariaren aurkako epaiketa. Epaiketa hasita, berriki atxilotutako zazpi gazteen aurpegiak zituzten kamisetak erakutsi dituzte eta Angela Murillo epaileak kanporatu egin ditu auziperatuak. Epaiketa bertan behera utzi du Murillok eta ekainaren 11an berrekingo diote.

Berriki kondenatutako zazpi gazteen aurpegiak zituzten kamisetak agertu dituzte. (@ErnaiAntolakundea)
Berriki kondenatutako zazpi gazteen aurpegiak zituzten kamisetak agertu dituzte. (@ErnaiAntolakundea)

Ernai gazte antolakundeko Irati Sienra, Gotzon Elizburu, Maialen Etxebarria, Mikel Button, Aitor Anda, Garazi Mugertza eta Mikel Moreno eta Topatu.info atariko Iraitz Salegi kazetariaren aurkako epaiketa gaur hasi da espainiar Auzitegi Nazionalean.

Epaiketa hasita, zortzi auzipetuek zeramaten kamiseta kendu eta behean zuten beste bat erakutsi dute. Bertan, berriki sei urte espetxe zigorra jaso duten zazpi euskal gazteen aurpegiak ikus zitezkeen. Besotik hartu eta herri harresia irudikatu dute «euskal gazteria, aurrera» oihu artean.

Honen aurrean, Angela Murillo epaileak kanporatu egin ditu auzipetuak eta baita prentsa aretoan zeuden kazetariak ere, zeintzuei ateratako argazkiak ezabarazi egin dizkieten. Honen ostean auziperatuak berriz ere Entzutegian sartuarazi ditu eta epaiketa bertan behera geratzen zela jakinarazi die. Ekainaren 11an berrekingo diote.

Bestetik, Fiskaltzak eta AVTk bai epaituen bai publikoaren partetik epaiketaren interrupzioa delitu moduan sailka litekeen galdetzea eskatu dute. Hau eskatzen duten lehen aldia da.

Ernaiko zazpi kideei, 2013an gazte antolakundearen jaiotza izan zen Gazte Danbadan egindako ekitaldi politiko batengatik «terrorismoa goratzea» leporatzen diete. Salegiri, era berean, ekitaldi honen inguruan informatzeagatik egin beharko dio aurre Angela Murillo epaileak gidatuko duen epaiketari.

Hasiera batean, Periko Solabarria ezker abertzaleko militantea ere haiekin epaitzekoa zen, baina atzo bertan jakin zenez, epaiketatik kanpo utzi dute.

Gauzak honela, Salegi eta Ernaiko kide batentzat 18 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen dute, eta 24 hilabeteko gazte antolakundeko gainontzeko sei lagunentzako.

Gazte Danbada ospatzen ari zen egunean bertan Xabier Lopez Peña preso politikoa zendu zen espetxean. Honen aurrean, Ernaik ohar baten bidez azaldu duenez, espainiar eta frantziar Estatuen «salbuezpenezko neurriak» salatu zituzten ekitaldi hartan.