NAIZ
donostia

Gorka Fraile presoak Badajozeko ospitalean poliziengandik tratu «ankerra» jasan duela salatu dute

Gorka Fraile euskal preso politikoari ebakuntza egiten ari zaizkio gaur Badajozeko ospitalean, mihian duen tumore bat kentzeko. Etxeratek salatu duenez, tratu «ankerra eta oldarkorra» jaso du zaintza egiten ari diren polizien aldetik.

Etxeratek azaldu duenez, Gorka Fraile presoa atzo eraman zuten espetxetik Badajozeko ospitalera, mihian tumore bat kentzeko gaur ebakuntza egin behar ziotela-eta. Goizeko 7.30ean kartzelatik atera zutenetik eskuburdinak jarrita izan ditu gau eta egun, eta lau polizia izan ditu berarekin. Egun osoan «etengabe zalapartaka» aritu zitzaizkiola salatu du: sakeleko telefonoarekin musika bolumen handian jarriz, paretaren aurka kolpeak emanez eta «logelan zegoen edozer iskanbila sortzeko baliatuz». Gelako «altzari pieza bat» ere puskatu zuten poliziek, ohar batean adierazi duenez.

Etxeraten arabera, tratu «ankerra» jasan zuen durangarrak eta lasai egotea lortzen zuela ikusten zutenean «asaldatzeari ekiten zioten poliziek». Bere senideek ikusi zutenean oso urduri topatu zuten Fraile, ebakuntza ez egiteko aukera ere planteatu zuen, «kartzelara berriz eraman zezatela eskatuz».

Familiak Fraile bisitatzeko izan dituen oztopoen berri ere eman du Etxeratek, eta hasiera batean 18.00etatik 20.00etara ikusteko aukera izango zutela esan bazieten ere, poliziek hori ekidin zuten eta presoarekin egoteko 30 minutu soilik uzteko agindua zutela adierazi zieten senideei. Hiru senide sartu ziren, hamar minutuko tarteetan. Horretaz gain, ebakuntza gelako itxarongelan egotea galarazi diote familiari gaur goizean. Azkenean, Euskal Herriko hainbat medikuk ospitalera deitu eta egoera aldatzea lortu dute, eta bi senide sartzea baimendu dute.

Fraileri ebakuntza egiten goizeko 8.30ean hasi zaizkio eta arratsaldean bukatzea espero da. Lau polizia sartu dira ebakuntza gelara, preso durangarra «zaintzeko».