NAIZ
USURBIL

Zubietako erraustegiaz galdeketa egin dadin sinadurak biltzeari ekin diote Usurbilen

Usurbil eta Zubietako hainbat herritarrek plataforma osatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietan eraiki nahi duen erraustegiari buruz herritarrei hitza eman diezaieten bultzatzeko. Usurbilgo Udalak horren inguruan galdeketa antola dezan sinadurak biltzeari ekin diote.

Usurbilen egin dute agerraldia hainbat herritarrek.
Usurbilen egin dute agerraldia hainbat herritarrek.

Usurbil eta Zubietako hainbat herritarrek agerraldia eskaini dute gaur, Zubietan Foru Aldundiak eraiki nahi duen erraustegia dela-eta bultzatu nahi duten galdeketaren berri emateko.

Gogora ekarri dutenez, badira hainbat urte erraustegiaren auzia mahai gainean jarri zela eta azken legegintzaldian Bilduren foru gobernuak egitasmoa baztertu bazuen ere, EAJk orain eraikitzeko asmoa agertu du berriro.

Nabarmendu dutenez, erraustegi hori «herritarrok ordaindu beharko genuke gure diruarekin eta gure osasunarekin, baina inork ez digu galdetu ea hori nahi dugun ala ez».

Hori dela-eta, «herriari hitza emateko ordua» dela uste dute, eta horixe bultzatzeko plataforma osatzea erabaki dute. «Erraustegia egin ala ez, herriak erabaki dezala», adierazi dute.

Horrelako kontsulta bat «berme guztiekin» egin behar da herritar hauen iritziz eta, hortaz, Udalak antolatu behar duela uste dute. Horregatik, sinadurak biltzeari ekingo diote, Usurbilgo Udalari erraustegiari buruzko galdeketa «lehenbailehen» antola dezala eskatzeko.