NAIZ

Naroa Ariznabarreta eibartarra atxilotu eta espetxeratu egin dute

Espainiar Poliziak Naroa Ariznabarreta eibartarra atxilotu du eta epaileak Martuteneko espetxera bidali du. Beste lau lagunekin batera atzo Donostin epaitua izatekoa zen, baina Ariznabarreta, Aritz Azkona eta Ainara Ladron ez ziren epaiketara agertu. Epaileak hirurak atxilotzeko agindua eman zuen. Bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen du Fiskaltzak auzipetutako gazte bakoitzarentzat.

Naroa Ariznabarreta eibartarra atxilotu duten unea. (@Ernaigazte)
Naroa Ariznabarreta eibartarra atxilotu duten unea. (@Ernaigazte)

Etxetik irten berritan senide batekin batera kotxean zihoala atxilotu du espainiar Poliziak Naroa Ariznabarreta gazte eibartarra. Epailearen aurrera eraman dute eta honek espetxeratu egin du, atzo Ariznabarreta, Ainara Ladron eta Aritz Azkona atxilotzeko agindua eman ostean.

Epailearen aurrean, Ariznabarretak epaiketa honen «izaera politikoa» salatu du eta bostek, modu desberdinetan, desobedientziaren alde egin duten hautua goraipatu du. Era berean, prozesu hau bederatzi urtetan luzatu dela azpimarratu du, honek haien bizitzetan izan duen eraginarekin.

Hirurak, Saioa Zerain eta Asier Alberdirekin batera daude auzipetuak, 2007an, Jarrai-Haika-Segi epaiketa salatzeko A8 autobidea moztea leporatuta. Azkona, Ladron eta Ariznabarreta ez dira epaiketara agertu, desobedientziaren aldeko hautua eginez. Honen ondorioz, epaileak atxilotu eta espetxeratzeko agindua eman zuen atzo.

«Beren nahia kartzelara joatea baldin bazen, lortu egin dute! Kartzelara joango dira», adierazi zuen epaileak Zerainek NAIZi jakinarazi zionez. Epaileak berak jarri beharko luke epaiketaren data berri bat, eta ordura arte gazteak espetxeratzea agindu du. Laugarren aldiz atzeratu da epaiketa, dagoeneko bederatzi urte luzatu den prozesuan. Azkenekoz abenduan atzeratu zen, hiru gazteak aurkeztu ez zirenean.

Bost gazteetako bakoitzarentzat bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak autobidea mozteagatik.