‘Euskal kanta berria’, Imanol Uribek ‘Ikuska’ sailerako egin zuen filma da, Javier Agirresarobe izan zen argazki zuzendaria. 1982an egina, orduko euskal musika dakar ikusentzunezko lanean, rocketik bogan jarraitzen zuten kantautoreak arte. Garaiko erreferentzia nagusiak ageri dira filman. Giro industrialean, inpaktu handiko hasiera dakar Zaramaren eskutik, Oskorri ageri da, Txomin Artola, Ruper Ordorika, Imanol Larzabal, Amaia Zubiria eta Mikel Laboa, besteak beste.
‘Ikuska’ saileko 13 zenbakia da Uriberena eta NAIZek asteazkenean 21.30etik aurrera eskainiko du bilduma osoaren aurrerapen gisa.
Guztira 21 lanek osatzen dute Durangoko Azokan eskuragarri izango den ‘Ikuska’ saila. EKHEk eta GARAk berreskuratu eta euskarri digitalean hedatuko duten ikusentzunezkoak euskal zinemagintzaren oinarriak ezarri zituen, Antxon Ezeizaren koordinaziopean eta 15 zuzendariren lanak elkartuz. 1979 eta 1984 urteen artean grabatu ziren denak eta garaiko Euskal Herriaren erradiografia egin asmo zuten.
Hona bildumaren aurrerapen bideo motza: