NAIZ
BILBO

Langabeziak gora egin du Nafarroan abenduan, eta behera Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan

Abenduaren amaieran Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako enplegu bulegoetan izena emanda zegoen pertsonen kopurua %1,11 jaitsi zen bitartean (1.527 langabe gutxiago), Nafarroan %2,90 igo zen langabezia erregistratua (1.129 pertsona). Guztira, 176.218 langabe zeuden abendu amaieran Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzuetan izena emanda.

Lanbideren bulego bat, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Lanbideren bulego bat, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Enplegu Ministerio espainolak jakinarazitako datuen arabera, langabezia erregistratuak gora egin zuen Nafarroan eta, aldiz, jaitsi egin zen Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan.

Abenduaren amaieran, 40.045 langabe zeuden Nafarroako enplegu bulegoetan izena emanda, aurreko hilabetean baino 1.129 gehiago (%2,90). Iazko datuekin alderatuta, jaitsiera %7,18koa izan da, 3.098 langabe gutxiagorekin.

Bizkaian, jaitsiera %1,42koa izan zen abenduan, 1.113 pertsona atera baitziren Lanbideren zerrendetatik. 2015ko datuekin konparatuz, %8,56 jaitsi da langabezia erregistratua Bizkaian (7.214 pertsona).

Gipuzkoari dagokionean, %0,97 egin zuen behera langabezia erregistratuak abenduan, 361 langabe gutxiago zenbatuta. 2015eko abenduarekin alderatuta, 4.370 langabe gutxiago daude herrialde horretako enplegu bulegoetan izena emanda (%10,57 gutxiago). 

Araban, 53 langabe gutxiago zeuden abendu amaieran enplegu bulegoetan izena emanda, aurreko hilabetearekiko %0,24 behera eginda. 2015ko datuekin konparatuta, %9,27 jaitsi da langabezia erregistratua herrialde honetan (2.260 pertsona).

Orotara, abenduaren amaieran 176.218 pertsona zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda.