NAIZ
AZPEITIA

Azpeitiko Udalak Auzitegi Konstituzionalera jo du Pasaiako badiako segada argitzeko

Azpeitiko Udalak babes helegitea aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean, Pasaiako badian 1984ko martxoaren 22an izan zen segada argitzeko. Komando Autonomoetako lau militante hil zituen Polizia espainolak, haietako bi azpeitiarrak. Auzia artxibatuta zegoen.

Pello Aizpuru, Eneko Etxeberria, Miguel Castells eta Arantxa Isart, gaurko agerraldian. (AZPEITIKO UDALA)
Pello Aizpuru, Eneko Etxeberria, Miguel Castells eta Arantxa Isart, gaurko agerraldian. (AZPEITIKO UDALA)

Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak, Miguel Castells abokatuak eta Pello Aizpuru eta Arantxa Isartek agerraldia egin dute, Pasaiako badiako segadaren 33. urteurrena betetzear dela. 1984ko martxoaren 22an Polizia espainolak Komando Autonomoetako lau militante hil zituen segada batean –Pedro Mari Isart, Dionisio Aizpuru, Jose Mari Izura eta Rafael Delas–, lehen biak azpeitiarrak.

Auzia artxibatu egin zuen Gipuzkoako Entzutegiak eta erabakia irmoa da 2016ko azarotik. Azpeitiko Udalak osatzen duen herri akusazioak, ordea, Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea jarri du, sarraskia gertatu zenean bertan zeuden poliziak eta haien agintariak identifikatzeko «beharbesteko ikerketa sakon, serio eta efikazik» ez zela egin argudiatuta.

Castellsek azaldu duenez, Auzitegi Konstituzionalak kasua ez badu onartzen, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira joko dute.

Isart eta Aizpururen senideek nabarmendu dutenez, urte hauetan guztietan asko sufritu dute. «Gau ilun madarikatu hartatik 33 urte pasa dira, eta ez da epaiketarik izan. Egiarik ez dute jakin nahi, eta inpunitatean utzi nahi dute guztia. Baina inork ez digu kenduko egia jakiteko eskubidea».

Azpeitiko Udalak eta herritarrek eskaini dieten babesa eskertu dute, baina beste hainbat erakunderengandik baztertuta sentitu direla adierazi dute.

Alkateak, berriz, esan du ez daudela ados auzia artxibatzeko erabakiarekin eta «bide juridiko guztiak agortu arte» jarraituko dutela. «Egia jakitea dagoen eskubiderik oinarrizkoenetariko bat da. Hori jakinda bakarrik egin baitaiteke justizia eta jaso erreparazioa», azaldu du.

Auzia argitzea «duintasun kontua» ere bada Etxeberriaren ustez, eta epaitegietako bideak aurrera egiten ez badu, Gasteizen martxoaren 3ko gertaerekin egin bezala errelatoa eraikitzeko bidea jorratuko dutela jakinarazi du. «Adituekin, ikerketekin... behar den guztiarekin osatuko dugu Pasaian gertatutakoaren errelatoa, justiziak horretarako biderik ez badu egiten».