NAIZ

Andoni Goikoetxea gazteluarra aske geratu da

Andoni Goikoetxea euskal presoa aske geratu da, Estatu frantsesean ezarri zioten espetxe zigorra beteta. Gazteluarra kanporatu egin dute eta Barajasko aireportuan aske geratu da. Datozen orduotan iritsiko da Euskal Herrira.

Andoni Goikoetxea, goian erdian, senide eta lagunekin aske geratu ondoren. (NAIZ)
Andoni Goikoetxea, goian erdian, senide eta lagunekin aske geratu ondoren. (NAIZ)

Andoni Goikoetxea Gabirondo gazteluarra aske geratu da gaur goizean Barajasko aireportuan, Estatu frantsesetik kanporatua izan ondoren. Fleuryko espetxean zegoen eta zigorra beteta kanporatu dute.

Goikoetxea 2013ko maiatzean atxilotu zuen Polizia frantsesak Correze departamenduan. Hiru operazio egin zituen aldi berean toki desberdinetan eta guztira sei pertsona atzeman zituzten –Goikoetxeaz gain, Ekhiñe Eizagirre, Kepa Arkauz, Raul Aduna, Igor Uriarte eta Julen Mendizabal–, ETArekin lotura zutelakoan. 

Sei lagunak joan den irailean epaitu zituzten Parisen eta sei eta zazpi urteko espetxe zigorrak ezarri zizkieten. Gazteluarraren kasuan, sei urteko zigorra jarri zioten. Gainera, kondena bukatuta Estatu frantsesean egoteko debekua ezarri zien auzitegiak guztiei.

Goikoetxea eguerdian iritsi da Barajasko aireportura, Parisen hegaldia hartu ondoren. Bidaia bi jendarme alboan zituela egin du, Ataria.eus agerkariak jaso duenez. Madrilera iritsi direnean Polizia espainolaren esku utzi dute gazteluarra eta ondoren aske geratu da.

Iluntzean harrera Gaztelun

Aireportuan senide eta lagunak zituen zain Goikoetxeak eta guztiek Euskal Herrirako bidea hartu dute. Gaztelun, bere herrian, iluntzeko 20.00ak aldera egingo diote harrera, aipatu hedabidearen arabera.