Ramon Sola
Donostia

Adin guztietako emakumeak, 11.000 inguru, borroka berean bilduta Donostian

Boulebarreko errepidean eserialdi ikusgarria egin dute eguerdian emakumeek Donostian. Ia 60 urteko aldea zen «negar egiteko gogoa» aitortzen zuen Marisa eta elastikoan «emakume, libre eta harro» aldarrikatzen zuen Alaitzen artean. Hamaika arrazoi, 11.000 emakume inguru eta borroka bakarra: berdintasunarena.

Donostiako Bulebarra emakumez lepo. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Donostiako Bulebarra emakumez lepo. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Gazteena izan da Boulevardeko erdiko kalea, guzti-guztiak eserita hogei minutuz. Adineko emakumeak eta gizon bakar batzuk, ordea, espaloietan gelditzea nahiago izan dute, zutik. Udaletik ia Bretxaraino dena ondo betea, 6.000 lagun inguru; eta beste 5.000 Boulevardeko oinezkoentzako tokian, Parte Zaharrera begira, zein kaia aldean, azken hauek adin guztietakoak. Inoiz ikusi gabeko irudia utzi du Martxoaren 8. honek Donostian.

Ordu erdiz, aldarri ugari: «Gora borroka feminista», «Emakumeak zutik», «Queremos ser libres, no valientes»... Benetako olatu morea eta beltza Kontxa parean. 72 urteko Marisak nekez eutsi dio emozioari: «Negar egiteko gogoa ematen dit honek, nork esango zigun... Eta zenbat neska gazte, itzela da hori!», nabarmendu dio NAIZi. Ikastetxeak utzi eta Donostia erdiraino heldu da milaka ikasle, Alaitz bezala: «Oraindik ere matxismoaren indarra handia da eta ‘aski da’ esan beharko dugu». 16 urteko neska honek elastikoan errotulagailuz margoturik zeraman mezua, hauxe: «Emakume, libre eta harro».

Ia gizon bakarrak kazetariak eta argazkilariak izan dira. Azken hauentzako bereziki gozagarria izan da mobilizazioa: koloretsua, parte hartzailea, alaia eta aldarriz beterikoa. Parte Zaharrean barrena ibili dira gero partehartzaile gehienak, beren tuperrekin bazkaltzera bildu behar dira asko eta asko Gipuzkoa Plazan, eta arratsaldean mobilizazio handia espero da berriz Boulebarrean, 20.00etan.