NAIZ
DONOSTIA

Intxaurrandieta eta Errazkinen aurkako auzian «joko zikina eta mendekua» salatu ditu EH Bilduk

«Gaindimentsionatua zegoen» errauskailuaren proiektua gelditzeagatik apirilaren 12an Madrilgo Kontu Auzitegian epaituko dituzten Ainhoa Intxaurrandietari, GHK-ko presidente ohiari, eta Iñaki Errazkini, Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohiari elkartasuna adierazteko ekitaldia egingo du EH Bilduk hilaren 15ean, Azpeitian.

Marian Beitialarrangoitia eta Mikel Biain, Donostian egindako agerraldian. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Marian Beitialarrangoitia eta Mikel Biain, Donostian egindako agerraldian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

EH Bilduko diputatu den Marian Beitialarrangoitiak eta Mikel Biain Oñatiko alkateak agerraldia egin dute, Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinekin elkartasunez apirilaren 15ean Azpeitian egingo den ekitaldiaren berri eman eta epaiketaren aurrean koalizioak egiten duen irakurketa plazaratzeko.

Gogoratu dutenez, apirilaren 12an pasa beharko dute Madrilgo Kontu Auzitegiaren epailearen aurretik Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente eta Ingurumen diputatu izandakoek «gaindimentsionatua zegoen erraustegiaren proiektua gelditzeagatik». Haien aurka eskaera «oso gogorrak» daude, hain zuzen, 46 eta 100 milioi euro arteko zigorrak eskatzen baitizkiete.  

EH Bilduren ustez, «erabat bidegabeak» dira eskaera horiek, «proiektu politiko batekiko eta ideia batzuekiko konpromisoari eusteagatik, beren etorkizun pertsonala jokoan» baitaukate Intxaurrandietak eta Errazkinek. «Etekin pertsonalik ez zuten atera, gardenak eta zintzoak izan ziren erabakiak hartzeko orduan eta orain bidegabekeria latza pairatu dezakete», azpimarratu dute. 

Egun proiektatuta dagoen erraustegia «bere garaian proiektatu zena baino txikiagoa» dela gogoratu du EH Bilduk. Horrek «aurrekoaren gaindimentsioa» agerian uzten du, koalizioaren aburuz. Kontuen epaitegiak ere etete horren indemnizazioa ikertu zuela gogora ekarri dute, eta gaineratu dute nola instruktoreak hala fiskaltzak jarraitutako bidea ontzat eman zutela.

Beitialarrangoitia eta Biainen esanetan, salaketa jarri zuen foru Gobernuak –EAJk eta PSEk osatzen dutena– «ez du zintzo eta giza-legez jokatu» Intxaurrandieta eta Errazkinekin, «joko politikoaren marra gorri guztiak» gaindituz.

Hala ere, haien aurka «hain modu zabarrean» jokatu izana «ez da kasualitatea» EH Bildurentzat. Izan ere, adierazi dute proiektuaren atzean «interes politikoak daudela, baina hori baino gehiago, interes ekonomiko handiak daude, eta herritarren osasunarekiko ardura eskasa».

«Elite ekonomikoen interesak kolokan jarri ziren errauskailuaren proiektua geratzean. Horixe da, hain justu, Intxaurrandietari eta Errazkini barkatzen ez dietena», nabarmendu dute Beitialarrangoitiak eta Biainek, zigor eskaeren atzean «joko zikina eta mendekua baino ez» dagoela gaineratuz.

Hori guztia aintzat hartuz, babes osoa agertu diete Intxaurrandieta eta Errazkini eta, elkartasun hori adierazteko EH Bilduk ekitaldia egingo du apirilaren 15ean, Azpeitian. Azkenik, koalizioak parte hartzeko deia egin die «beren zintzotasunean eta konpromisoak sinesten duten eta elite ekonomikoen gainetik herritar ororen interesak babestu behar direla uste duten herritar guztiei».