naiz
Elgoibar

Elgoibarko jaietan eraso matxista bat izan dela salatu dute

Elgoibarko Narrutsik talde feministak jakinarazi duenez, atzo goizaldean herriko jaietan eraso matxista bat izan zen. Gaur arratsalderako elkarretaratzea deitu dute. Udalak eta bertan presentzia duten alderdi politiko guztiek bat egin du deialdiarekin eta erasoa gaitzetsi dute, «baita beste edozein biolentzia mota ere».

Elgoibarko Narrutsi talde feministak jaietan emakume batek pairatutako eraso matxista salatu du eta hau salatzeko elkarretaratzea deitu gaur arratsalderako.

Udalak ere bat egin du deialdiarekin eta erasoa atzo 04:00etan izan zela adierazi dute, jaien azkeneko gauean, Maala plazan dauden txosnen inguruan.    

Narrutsik talde feministak sare sozialen bitartez eman zuen erasoaren berri eta gaur arratsaldean elkarretaratzea egin dute. Erasoa jasan zuenari eta eragin zuenari mezu bana igorri diote talde feministatik; lehenari «babes guztia» eskaini diote eta bigarrenari «ez dugula horrelako jarrerarik onartzen eta erasotzaileak gizartetik kanpo nahi ditugula».

Herriko alderdi politiko guztiek, adostutako oharrean, egin dute bat deialdiarekin eta erasoa gaitzetsi dute, «baita beste edozein biolentzia mota ere». Udalak, argitaratutako idatzian, «babes osoa» agertu dio erasotua izan den emakume gazteari eta bere esku dauden baliabideak jarri ditu biktimaren eskura.