NAIZ
IRUÑEA

Euskara «behingoz» ofiziala izan dadin «ausart» jokatzeko eskatu dute milaka lagunek Iruñean

Kontseiluaren deiari erantzunez, milaka lagunek hartu dute parte ofizialtasunaren alde Iruñeko kaleetan barrena egin den manifestazioan. «Ausart» eta «erantzukizunez» jokatzeko eskatu die Paul Bilbaok Nafarroako Parlamentuko kideei. 

Hiru zutabetan abiatu da manifestazioa eta autobus geltoki inguruan amaitu da. (Iñigo URIZ/FOKU)
Hiru zutabetan abiatu da manifestazioa eta autobus geltoki inguruan amaitu da. (Iñigo URIZ/FOKU)

Manifestazioa hiru zutabetan antolatu dute eta bakoitzak aldarri bana izan du ardatz: kohesioa, berdintasuna eta justizia.

Gaztelu plazatik, Medialuna parketik eta Abejeras eta Iturrama kaleen arteko bidegurutzetik abiatu dira zutabeak eta ondoren Bakearen plazan bat egin dute, ‘Euskara ofiziala Nafarroa osoan’ zioen pankarta bat zain zeukatela.

Zutabeetan festa giroa izan da protagonista. Erraldoiak, txistulariak edota joaldunak izan dira eta, behin bukatuta, joten, txalapartaren edota rap abeslari baten doinuak ere entzun ahal izan dira.

Autobus geltokiaren inguruan bukatu da mobilizazioa. Lehenik, zutabeetako ordezkariek hartu dute hitza (Unai Arellanok, Nekane Otamendik eta Saioa Crespok), haietako bakoitzak irudikatzen zuen kontzeptuaren inguruan mintzatzeko.

Ondoren, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren txanda izan da eta Nafarroako Parlamentuari zuzendu zaio, «erantzukizunez» jokatu eta urratsak eman ditzala eskatzeko.

«Ausart jokatu eta erakutsi aurrekoetatik desberdin jokatzen duzuela», esan die parlamentarioei. 

Eskubideen aitortza herri bakoitzean dagoen euskaldun kopuruaren arabera egitea «ulertezina» dela azpimarratu du.

«Kontua da behingoz herritar guztiei eskubide berdinak aitortuko dizkien lege baten beharrean gaudela eta badakigu juridikoki horrek irtenbide bakarra daukala: Nafarroa osoan ofizialtasuna zabaltzea», esan du Paul Bilbaok.