NAIZ

Añorga errekan izandako isurketak Metroaren pasantearen lanen errua direla dio Eguzkik

Donostiako Añorga errekan egunotan atzemandako isuriak Metroko obretatik datozela salatu du Eguzki talde ekologistak. Zarautz hiribidean egiten ari diren zulaketan sortutako hainbat hondakin errekara zuzenean bota dituztela nabarmendu dute.

Donostiako Añorga errekan Eguzkik larunbatean harturiko irudia. (EGUZKI)
Donostiako Añorga errekan Eguzkik larunbatean harturiko irudia. (EGUZKI)

Donostiako Tolosa hiribidearen parean Añorga errekan egunotan atzemandako isuriak Metroko lanengatik direla salatu du Eguzki talde ekologistak. «Zarautz hiribidean zulatzen ari dira, eta langintza horretan sortutako hainbat hondakin zuzenean bota omen dituzte, behar bezala tratatu gabe. Itsasgorak hondakinok errekan gora eraman ditu, ordea, eta horregatik geratu dira bistan. Izan ere, Nanogune eta unibertsitateen parean, urek kolore zurixka opako bat hartu dute», azaldu du Eguzkik. Talde ekologistak astelehenean eman zuen egoera honen berri.

«Legez kanpoko isurketak salagarriak dira beti, baina Metroa obra publiko adierazgarria dela kontuan izanda, are gehiago. ETSri [Euskal Trenbide Sarea] proiektuaren sustatzaile gisa, gertatutakoaren azalpen publiko zehatza eskatzen diogu. Proiektu honek ondo koipeztatutako informazio- eta propaganda-aparatua du; beraz, ez luke hori egiteko aparteko arazorik izan behar. Are gehiago, dagoeneko azalpena emanda egon beharko litzateke, ETSren asmoa isurketa horiek ahal dela oharkabean pasatzea ez bazen, behintzat», salatu du Eguzkik.

Gauzak horrela, bai Donostiako Udalri bai URA agentziari zigorrak ezartzeko eskatu du Eguzkik, «batez ere kontuan izanda ez omen dela izan obra honek legez kanpoko isuriak egin dituen lehen aldia». Zigor horiek publikoak izan behar direla gaineratu du talde ekologistak, «herritarren diruarekin egiten diren obrak direlako».

Honekin batera, herritarrei gisa honetako isurketak salatzeko deia egin die Eguzkik. «Ezin dugu normaltzat jo normala ez dena», gaineratu du. Eraginkorrena 112 telefonora deitzea dela gaineratu du. Ondoren, Eguzkirekin edo beste talde batekin harremanetan jartzea gomendatzen du.

Añorga ibaia Donostiako udalerrian du osorik bere arroa, Tximistarrin itsasora heltzen delarik, Igeldo mendia zeharkatzen duen tunel bat pasa ondoren. Igara erreka bere ibaiadar nagusia da. Biak Ibaetan egiten dute bat, Tolosa hiribidearen ondoren.