1977/2024 , January 16

Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

Frankistek fusilatu zuten Eladio Zilbeti, ahanzturatik ateratako Osasunako sortzaileetako bat

1937ko urtarrilaren 16an hil zuten faxistek Eladio Zilbeti, Osasunako sortzaileetako bat. Abertzalea eta ezkertiarra zen. Haren izena itzalpean izan zuten hainbat urtetan, baina azken garaian ahanzturatik ateratzea lortu da. Gure hedabideek ere zenbaitetan gogoratu dute, bereziki bere heriotzaren urteurrenean.

Zale gorritxoen artean Zilbetiren irudia ageri da. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Zale gorritxoen artean Zilbetiren irudia ageri da. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Kazetaritzatik memoria ariketa egin daiteke. Artefaktuaren ekimen hau dugu horren lekuko, baina gure hedabideek lehenago ere kasik etenik gabe egin izan dute horrelako lanik, herri honen nortasuna nabarmentzeko, amnesiak jan ez dezan.

Urtarrilaren 16a zen frankistek Eladio Zilbeti Osasuna futbol taldearen sortzaileetako bat fusilatu zutenean. Hamarkada luzez ez genuen izan haren berri askorik, duela ia hamabost urte Sadarreko harmailetan zale talde batek haren irudia erakutsi zuen arte.

Gure hedabideetan ere isla izan du memoria gogo horrek. Osasuna kasu berezia da, gainera.  Hauxe idatzi zuen Ramon Solak 2020ko urriaren 25eko 7ka astekarian, 'Osasuna eta terrore frankista' erreportajean: «Duela ehun urte, 1920ko urriaren 24an, Osasuna izeneko talde berri bat zelairatu zen lehen aldiz futbol izeneko kirol berri batean. Bere izen euskaldunaren egile zen Eladio Zilbeti fusilatu egin zuten. Baita bere lehen presidente handia ere, Natalio Cayuela. Eta kartelen inprentaren jabea, zuzendaritzako bokalak, jokalariak... Osasunaren hasierako historiak bat egiten du errepresio frankistak odoletan bustitako Nafarroakoarekin».

Fusilamenduaren urteurrenean

Esan bezala, Zilbeti urtarrilaren 16 batean hil zuten. 1937an izan zen. Abertzalea eta ezkertiarra zelako. Urte askoan itzalpean egon zen haren bizitza eta heriotza, haren emanak zein ametsak. Merezi du ezagutzea. Izan zirelako baikara. 2018an, gaurko egunez hau ere, artikulu zabal bat argitaratu zuen Natxo Matxinek Zilbetiren bizitzaren berri emateko.

Haren ibilbidearen arlo ezberdinak jasotzen dira bertan. Kirol mundutik harago aritu baitzen Zilbeti: «Guztiz bidegabea litzateke Eladio Zilbetiren papera kirol eremura murriztea. XX. mendearen hasierako Iruñea zaharrean, bere landa izaeraren eta zetorren industrializazioaren arteko trantsizio-prozesu betean, molde eta tradizio zaharrak hausten hasi zen, eta, poliki-poliki bada ere, ideia modernoagoei bidea ireki zitzaien, bai politikari dagokionez, bai kulturari eta arteari dagokienez ere. Eta gure protagonista ez zen bilakaera horretatik kanpo geratu».

Eladio Zilbeti, Arturo Campionen ondoan. (Familiak utzitako argazkia)

Aipatutako Matxinen erreportajean Zilbeti nabarmentzeko hamaika kontu jasotzen dira, baina aipatzen da haren izena eta izana ahanzturan erortzeko arrisku bizian izan zirela ere: «Eladio Zilbetiren existentzia ahaztuta geratu zen –erregimen frankistari ez zitzaion komeni aitortzea pertsona abertzale eta ezkertiarrak funtsezkoak izan zirela Nafarroan hain sustraituta zegoen klub baten lehen urratsetan–, eta klubeko hurrengo zuzendariek, nahita, utzikeriaz edo ezjakintasunez, ez zuten erremediorik jarri nahi izan, erakunde gorritxoaren sortzaileen oroimen historikoa berreskuratuz».

Azken hamar-hamabost urteotan lortu da egoera horri aurre egitea. Zilbetik kale baten izena du Osasunaren estadioaren ondoan, Joseba Asironen lehen agintaldian jarri zitzaion izen hori, eta gaurko egunez Artefaktuak talde gorritxoaren sortzaile haren gainean gure hedabideek egindako lana gogoratu nahi izan du.